Junkal elizako kanpandorrea bisitatu ahalko da
Udalak kanpandorrea egokitu du 30.000 eurorekin, eta udan bakarrik ahalko da bisitatu, larunbat goizetan. Erreserbak egin daitezke jada.
Santiago auzoan dagoen Junkaleko Andre Mariaren elizako kanpandorrea egokitzeko obrak bukatuta, gaurtik aurrera bertara bisita gidatuak eskaintzen hasiko da Irungo Udala. Larunbat goizetan eskainiko dira bisita turistikoak, udan bakarrik eta prezioa 1,5 eurokoa da pertsonako. Gaur inauguratu duten bisitetarako ordutegiak ere finkatu dituzte: 11:00etan; 11:40etan eta 12:15etan izango dira.
Junkal elizaren jabea Eliza da, eta Irungo Udalak 30.000 euroko diru laguntza izendun bat onetsi zuen osoko bilkuran, kanpandorrea bisita gidatuetara egokitzeko. Sarbideko atea egokitu dute eta argiteria instalatu. Kanpandorreko balkoiaren irisgarritasuna eta segurtasuna ere hobetu dituzte.
Egun, Irungo Udalak lau bisita gidatu eskaintzen ditu: udaletxea, Junkaleko kanpandorrea, ondarearen bisita eta Irungo leku enblematiko eta mugarri historikoen bisita. Bisitak egin ahal izateko izena eman behar da aldez aurretik, Turismo Bulegoan edota 943 02 07 32 telefonora deituta.
Elizaren izena 1.400. urtean estuario inguruko ihitokietan agertutako ama birjinaren tailla baten agerpenagatik da. Aurretik, baina, beste izen batzuk izan zituen: Babes Onaren Andre Maria, Aholku Onaren Andre Maria eta Santa Maria Irungoa.
Kanpandorrea arrokoa da eta “sendotasuna eta dotorezia” dira haren indarguneak. Obra Migel Aranbururena da, eta lehen dorre herrera da. Kanpandorrea hareharriz eraikita dago eta seguruenik inguruko harrobietatik atera zuten materiala. Dorreak hiru gorputz dauzka, eta tenpluaren oinetan altxatzen den fatxadaren bidez batzen zaio elizari. 36ko gerran elizak eta kanpandorreak kalte txiki batzuk izan zituzten, baina ondorengo hamarkadetan konpondu egin zituzten.