Irungo udal aldizkariaren 107. zenbakia, prest
Azalean, Camelaren kontzertuko irudia ikus daiteke. Udako planei eskaini diete tarte handiena, eta Nestor Basterretxearen lanari buruzko erakusketa ere bada protagonista.
Irungo Udalaren nondik norakoez aritzen den aldizkariaren 107. alea gaur hasi dira etxez-etxe banatzen. Aurtengo hirugarren zenbakia da, eta azalean “Irun ikusgarria” irakur daiteke. Hondoan, Irungo jaien aurretiko Camelaren kontzertuko argazkia.
Izan ere, aldizkari honetan sanmartzialen erradiografia bat egin du udalak, eta Irun “bizitzaz blai” dagoelako “askotariko planak” proposatzen dituzte. Jai eta uda giroko alea dela nabarmendu dute, besteak beste, Irun Zuzenean jaialdia, udarako plan proposamenak, Dies Oiassonis edo Irungo bisita gidatuak.
Horrez gainera, kulturari ere tartetxo bat eskaini diote, hala nola, Nestor Basterretxearen mendeurrena izan dute hizpide edota Irungo arte urbanoaren ibilbide berriaz aritu dira.
Udaleko kontuak ere jaso dituzte. Esate baterako, maiatzeko osoko bilkuran onartu zen 8 milioi euroko kreditu aldaketa edota IAM proiektua.