EAJ: "Hondarribia Lantzen alternatiba errealistarik gabe desegitea akatsa da"
Ekainaren 27ko ez ohiko bilkuran Abotsanitzen eta EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJren zein PSE-EEren kontrako bozkekin aurrera atera zen Hondarribia Lantzen desegiteko erabakia.
Ekainaren 27ko ez ohiko bilkuran Abotsanitzen eta EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJren zein PSE-EEren kontrako bozkekin aurrera atera zen Hondarribia Lantzen desegiteko erabakia. EAJren ustez, ordea, etxebizitza publikoak sustatzeko “benetako alternatibarik eskaini gabe” onartu zen mozioa.
Hondarribiko Udalaren apustu garbia izan da Hondarribia Lantzen desegitea, “kirola udaletik kudeatzea, udal teknikariek horren kudeaketa egitea, udal kontu-hartzailetzatik dagozkien kontratuen kudeaketa egitea eta etxebizitzarekin baita ere”, esan zuen Garoa Lekuonak ez ohiko udalbatzan.
Jeltzaleek diotenez “herritarren beharrei erantzuten ez dien” erabaki politikoa da. Hondarribia lantzen “kudeaketa politikorako tresna” bat dela azaldu dute, “besteak beste, etxebizitzaren sustapena, jarduera ekonomikoak garatzeko espazioen kudeaketa edo hirigune historiko edo Mendelu bezalako eremuen birgaitze integralerako planen garapena erraztu eta arindu dezakeena”. Eta horretarako, HAPOren izapidetze prozesuan aurrera egitea “ezinbestekoa” dela gaineratu dute.
Ezker abertzalearen gobernatzeko moduarekin “kezkaturik” daude jeltzaleak; izan ere, haien ustez “gehiago daude desegiteko eta atzera begiratzeko Hondarribiaren etorkizuna lantzeko eta eraikitzeko baino”. Kasu honetan, bereziki, Hondartza kiroldegian lan egiten duten 40 pertsonen egoerak kezkatzek ditu, orain artean, udal gobernuak ez duelako jakinarazi kiroldegiaren kudeaketa lizitatzeko emango dituzten urratsak eta epeak.