Squash pistetako bat ixtea gero eta gertuago nabari du Lur Alaik
Pistetako batean obrez hitz egiten ari den lan taldearekin egin dute topo, eta pistetako bat ixtea "behin betiko" erabakia dela uste du Lur Alaik.
Artalekun lau squash pista daude eta Lur Alai Squash taldeak denbora darama salatzen horietako bat ixtea gero eta gertuago dagoela. Zurrumurru artean bizi izan dira azken urteetan, eta aurreko aldian, pareta botatzeari eta kristala kentzeari buruz solastatzen ari zen lan talde batekin egin zutela topo salatu dute.
“Behin betiko obra” dirudiela azaldu dute eta mehatxu moduan hartu dute. “Kirol ordezkariaren alde bakarreko erabakia dela dirudi, eta udalak horrela jardutearen salaketa publikoa egin nahi dugu” adierazi dute.
Udalaren 2023ko gazteen aurrekontu parte hartzaileetatik jasotako ideiari heldu, eta Artalekuko gimnasioa handitzea du Kirol departamenduak asmo. Dena den, udalak “ez duela erabaki irmorik hartu” esan zien, baina lan talde bat pistetan obrei buruz hitz egiten entzuteak alarma piztu du berriro ere. Izan ere, udalak adierazi izan die “klubak nahikoa duela hiru pistekin”.
Irungo kluba, 80 bazkiderekin Gipuzkoako bazkide gehien dituena da, eta EAEko bigarren handiena, Gasteizen atzetik zeinak 100 bazkide eta 12 pista dituen. “Gure ustez, kluba, beste klubek bezala, saiakera handiak egiten ari da bere kabuz squasha sustatzeko, emakumeen squasha sustatzeko, eta squash eskola sustatzeko” eta pista bat ixtearen bezalako erabakiek “babesgabe” sentiarazten dituela salatu dute.