PSE-EE Hondarribia Lantzen desegitearen aurka agertu da
Udal talde Sozialistak Abotsanitz eta EH Bilduren jarrera "kontserbadore eta konformista" deitoratu ditu prentsa ohar baten bidez.
PSE-EEk dio Hondarribia Lantzenen desegiteak irizpide politikoei erantzuten diela, eta Abotsanitz eta EH Bilduren “jarrera kontserbadore eta konformista” deitoratu ditu, haien hitzetan, etxebizitzaren erronkari aurre egiteko tresna baten beharrari irtenbide alternatiborik ematen ez diotelako.
Sozialistek diote, bestalde, sozietate anonimo hori desegiteak “bere garaian aho batez” adostutakoaren aurka egiten duela. Ildo horretatik, gogorarazi dute 2021ean mozio bat aurkeztu zutela etxebizitza kudeatzeko eta Alde Zaharreko ARI eta Mendelu birgaitzeko sozietate bat eratzeko eskatuz, eta, diotenez, orduan, “aho batez” erabaki zen Hondarribia Lantzen horretarako tresna posiblea zela.
Halaber, sozialistek diote Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako gobernu taldeak ez duela iniziatiba politikorik, eta Plan Orokor berria garatzeko, etxebizitzak eraikitzeko eta berroneratzeko “egitura sendoa eta bitartekoak izango dituena” beharko dute.
Azkenik, Hondarribiko PSE-EEk gogorarazi du udal gobernuan dauden taldeek “etengabe” errepikatu dutela beharrezkoa dela beste hiri eredu bat garatzea ekintzailetza sustatzeko, baina salatu dutenez, “ez dira gai hiriaren benetako eta premiazko beharrei aurre egiteko benetako alternatibak aurkezteko”.