Irun bere historia erromatarrez jantzi da
Bihartik hilaren 14era bitartean Dies Oiassonis jaialdia egingo da hirian. Zinema, antzerkia, moda eta historia izango dira protagonista handiak.
Bihar hasi eta hilaren 14ra bitartean luzatuko da Dies oiassonis erromatar jaialdiaren XIV. edizioa. Aurreko programazio proposamen berdinari eutsi diote irekierak eta itxierta, eta Erromatar Pintxoarekn ibilbidearekin hasi bada, Oiasso Museoko Antzerki taldearen Bona De antzerkiarekin bukatuko da. Orotara, 30 proposamen inguru prestatu dituzte Irungo udalak eta Oiasso Museoak.
Cristina Laborda alkateak nabarmendu du jaialdia “garrantzitsua” dela hiriaren historiari eta ondareari balioa emateko. Horrez gain, Irungo jaien balorazioan egin bezala, Irun “ekitaldi handiak antolatzeko” prest dagoen hiria da. “Norabide hori ezarri genuen duela urte batzuk udalean, eta ildo horretatik jarraituko dugu lurralde mailan erreferentean izaten jarraitzeko” erantsi du alkateak.Azkenik, eskerrak eman dizkie antolatzaileei, urtero urtero hitzordu berezi hau antolatzeko egiten duten lanagatik.
Programazioko hainbat proposamen nabarmendu dituzte antolatzaileek, eta bat egin dute gastronomia izango dela protagonista handietako bat. Izan ere, Arrain Zopa lehiaketa egingo da ostiral honetan (hilak 12) eta erromatar estiloko afari bat egingo dute ere gau berean, Convivum in Circus Romanus. Afaria izan bitartean zenbait ikuskizun ere eskainiko dituzte.
Erromatar Pintxoaren ibilbidea martxan dago jada eta hiriko 20 establezimenduetan erromatar garaiko sukaldaritzako pintxoak imitatu dituzte. Proposamen gastronomikoekin jarraituz, hilaren 13an, larunbata, jardunaldi gastronomikoak egingo dituzte goizez, Oiasso Museoan eta doan.
Zinemak ere bere lekua izango du jaialdian. Bizinemak antolatuta Braianen bizitza filma proiektatuko dute San Juan plazan ostegun honetan, hilak 11. Sarrera doakoa da. Bestalde, antzerkia ere eskainiko dute. Larunbatean (hilak 12) Clitemnestra eskainiko dute Natalia Minen eskutik. Lavinia obraren txanda izango da segidan, Eneida klasikoan inspiratutako Ursula K. Le Guin idazle estatubatuarraren izen bereko eleberrian oinarritutakoa. Azkenik, Bona Dea ikuskizuna eskainiko dute Oiasso museoko antzerki taldeko kideek, hilaren 14an. Sarrerak oraindik salgai daude.