Hondarribiarrak esklerosi anikoitzagatik bustiko dira igandean
Busti Zaitez kanpainaren 27. edizioa Hondarribian lurreratuko da beste urte batez. Igandean postu bat jarriko dute San Pedro kalean.
Hondarribia esklerosi anikoitzagatik bustiko da igandean (hilak 14). Busti Zaitez kanpaina Gipuzkoako Esklerosi Anikoitza Elkarteak (ADEMGI) Gipuzkoan egiten duen “gizarteratze eta sentsibilizazio kanpainarik garrantzitsuena” dela adierazi dute antolatzaileek, eta honakoa da egitasmoaren 27. edizioa. Aurten ere Hondarribian lurreratuko da.
Esklerosi anikoitza ardatz duen jardunaldi solidarioak helburu bikoitza duela jakinarazi dute antolatzaileek: gizartea gaixotasun neurologiko horrek sortzen dituen arazoez sentsibilizatzea eta informatzea; eta ADEMGIk gaixotasuna pairatzen duten pertsonentzako eskaintzen dituen birgaitze zerbitzuak finantzatzeko dirua lortzea.
“Bustitzeko”, gainera, hainbat arrazoi daudela nabarmendu dute sustatzaileek, besteak beste, honakoak: Gipuzkoan 750, Euskal Autonomia Erkidegoan 2.600 eta Estatu osoan 55.000 pertsonek pairatzen duten esklerosi anikoitzaren arrazoia oraindik ezezaguna delako; zirkulazio istripuen ondoren, pertsona heldu-gazteen desgaitasunaren bigarren arrazoia delako; eta elkarteari beharrezko baliabide ekonomiko eta materialak emateko, gaixotasuna jasaten duten pertsonei eskaintzen zaizkien birgaitze zerbitzuak finantzatzeko eta beren bizi kalitatea hobetzeko.
Hondarribiko kanpainan hainbat modutara parte har daitekeela adierazi dute antolatzaileek. Alde batetik, igandean postu bat jarriko dute San Pedro kalean, eta bertan Katuki Saguyakik diseinatutako merchandising produktuak salduko dituzte. Bestalde, dohaintzak egiteko aukera izango du hala nahi duenak. Horrez gain, kanpaina sare sozialetan zabaltzen laguntzeko, ADEMGI etiketatzea animatu dituzte herritarrak, #bustizaitez2024 eta #mojate2024 hashtagak erabiliz.