Elkarrekin Irunek mozio bat erregistratu du Ospitaleko proiektuen informazio zehatza eskatzeko
Ospitaleko egoera "larria" dela ohartarazi du David Nuño bozeramaileak, eta ebakuntza gelen proiektuaren informazio eta horren eragina zein izango den jakitea eskatu dute mozioan.
Elkarrekin Irunek beste mozio bat erregistratu du eskualdeko osasun arazoak hizpide dituena. Izan ere, Bidasoa Ospitaleko bosgarren unitatea desagertzeko arriskuan dago, eta unitate horretako langileekin hitz egin ondoren ondu dute mozioa. “Egora oso larria” da David Nuño bozeramaileak jaso duenez eta salatu egin du “ezkutatu” izana unitate honen desagertzea.
Ospitaleko bosgarren unitatearen funtzioa “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du Nuñok arreta multi diziplinarra eskaintzen duela, pribatutasun maila altuarekin, pazienteentzat onuragarria dena. Horrez gain, unitate honetan errehabilitazioko gimnasioa, gertuko mediku arreta, logela indibidualak, sozializatzeko espazioak, eta 21 ohe ditu, traumatologiarako, egonaldi erdirako eta etxeko ospitalizaziorako. Unitate hau ospitaleak duen eraikin berriena da.
Mozioarekin, batetik, Osasun Bidasoa plataformaren eta ospitaleko langileen lana aitortuko dute. Bestetik, hiru eskaera egingo dizkiote Osasun Sailari. Honako hauek dira hitzez hitz:
- Ebakuntza gelen behin betiko proiektuaren eta horrek ospitaleko zerbitzuetan izango duen eraginaren gaineko informazioa.
- Bozeramaileen Batzarra deitzea eta bertan proiektuaren nondik norakoak zehaztea. Informazio hori euskarri digitalean edo paperean edukitzea ere.
- Osasunaren Mahai Interinstituzionala sortzea eskualdeko udalekin, antolatuta dagoen gizarte zibilarekin eta Osasun Sailburuarekin. Helburua, osasun publikoari buruzkoak eztabaidatzea eta adostasunak bilatzea litzateke.
Mozioan bertan agertuko ez bada ere, Irungo eta Hondarribiko Udalen lana aitortu du Elkarrekin Irunek.