Egunotan amaituko da Udalaren Haur Eskolako matrikulazioa
Uztailaren 15ean amaituko da 2024/25 ikasturterako matrikulazio prozesua. Orotara 56 plaza bideratu dituzte matrikulazio berrietara.
Irungo Udalak Hezkuntza arloaren bidez jakinarazi du 2024an jaiotako haurrak dituzten eta Udalaren Haur Eskolarako plaza egokitu zaien familiek hilaren 10 eta 15 artean amaituko dutela matrikulazio prozesua; horretarako, bilera bat egin eta beharrezko dokumentazio guztia entregatu behar dute.
Zentroak 75 plaza ditu orotara: horietatik 21 2023/24 ikasturterako matrikulatuta zeuden ikasleentzat dira; besteak, 56, matrikula berrietara bideratu dituzte. Hala ere, esan dute 2025eko urtarrilaren 20ra arte badagoela plaza eskatzeko aukera, eta, plaza hutsik badago, Udaleko Hezkuntza zerbitzuak familia eskatzailearekin jarriko direla harremanetan matrikulazioa osatzeko.
Jon Ugarte, Hezkuntzako ordezkaria: “Eskerrak eman behar dizkiegu Irungo familiei 30 urte luze hauetan gugan jarri duten konfiantzagatik, azken deialdi honetan ere Udalaren Haur Eskolaren alde egin baitute. Esperientzia handiko hezitzaileak eta lantaldeko kide gazteak dira hezkuntza proiektuaren oinarria, eta haiei esker urtetik urtera hobetu egiten dugu hiriko 3 urtetik beherakoei eskaintzen diegun zerbitzua “.