Gorka Alvarez Aranburu da Irungo EAJren bozeramaile berria
13 urteren ondoren, lekukoa hartu dio Xabier Iridoiri Gorka Alvarezek. EAJren "helburu argia" 2027an alkatetzara iristea dela adierazi du jeltzaleen bozeramaile berriak.
Irungo EAJk, “hausnarketa eta analisi zaindu” baten ondoren erabaki du Gorka Alvarez Aranburu izango dela aurrerantzean udal taldearen bozeramailea. Xabier Iridoi ordezkatuko du, 13 urtez betebehar horretan aritu ondoren. Albistea, Jasone Ugarte Irungo EAJko presidenteak eman du, Alvarez eta Iridoi ondoan izan dituelarik.
Ugarteren esanetan, bozeramaile aldaketaren erabakia hartu dute “energia berriak sartzeko” asmoz. Aldaketarekin “aurrera egiten” segi nahi dute eta hiriak orain dituen eta etorkizunean izango dituen erronkei “indarrarekin eta erabakitasunez” erantzun nahi diete. Iridoiri orain arte egindako lana eskertu dio Ugartek eta udal taldeari ere eskerrak eman dizkio beti bertan egoteagatik.
Iridoik bat egin du “taldea indartzeko” momentua denaren hausnarketarekin. “Eta aldaketa hori une egokian dator, agintaldiko urte berri batera arte” zehaztu du. Aitortza egin dio Irungo udalbatzako udal taldeari, taldea “indartsua” dela baietsiz, eta Irunen alde lan egiten segituko dutela ziur agertu da. Alvarezek berretsi egin du ideia hori: “Aro berri honi indarberrituta ekingo diogu, taldea indartzen eta gure hiria hobetzen jarraitzeko borondatearekin”.
Bozeramaile berriaren esanetan, “benetako ohorea eta pribilegioa” da Irun eta EAJ ordezkatzea, eta bere lana “behar bezala” betetzeko konpromisoari heldu dio. Gaineratu du orain arte EAJk segitu duen bidea, Iruni egindako “ekarpen handiz eta txikiz beteta” egon dela, eta orain arte izandako bozeramaileak zerrendatu ditu: “[Xabier] Txapartegi, [Ricardo] Etxepare, Eizagirre, [Elena] Etxegoien, [Maria Eugenia] Iparragirre eta [Xabier] Iridoi”.
Alvarezek alkatetzara ailegatu nahi du eta hori dela udal taldearen 2027ko “helburu argia” azaldu du. Ildo horretan, ordezko bozeramailea Josu Igiñiz izango dela iragarri du, eta haren ardura izango da udal taldearen eguneroko kudeaketa. Gainontzeko udal taldeko kideak berberak izango direna gaineratu du: Lourdes Larraza, Jose Corchon, Urkiri Salaberria eta Iñigo Berges.
Irungo alkatearekin eta PSE-EEren udal taldearekin elkartuko dela iragarri du bozeramaile berriak, eta Irunen gobernagarritasunaren etorkizuna izan nahi du hizpide. “EAJk lagundu egin nahi du, eta ziur gaude ekarpen handiak ditugula egiteko”, adierazi du. Horrez gain, 2023ko udal aurrekontuetarako lortutako akordio orokorrak “egonkortasuna” ekarri duela berretsi du Alvarezek, “udal politikak indartzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuz eta EAJk bere egin beharrak bete ditu”, bukatu du.