Bertako Produktuen Astea, kartel bila
Hondarribiko Udalak kartel lehiaketa bat abiatu du aste hori iragartzeko. Proposamenak hilaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Irailaren 30etik urriaren 5era Bertako Produktuen Astea egingo da Hondarribian, eta Hondarribiko Udaleko Ingurumen Sailak kartel lehiaketa bat abiatu du aste hori iragartzeko. Proposamenak hilaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dira, bi modutara: digitalki udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo BAZera joanez hilaren 22ko 14:00ak baino lehen.
Udalak adierazi du kartel lehiaketa sortzearen helburua dela Bertako Produktuen Astean sormena eta parte hartzea sustatzea. Lehiaketara aurkezten diren lanak originalak, argitaragabeak eta teknika astekoak izango dira, eta ez dira soilik adimen artifizialaren bidez sortuko. Partaide bakoitzak proposamen bakarra bidali ahal izango du, eta ezin izango dute parte hartu lehiaketaren aurreko edizioetan finalisten artean aukeratutako lanek.
Parte hartzaileek aurkezten duten artxibo digitala azken obratzat hartuko da, eta ezin izango da aldaketarik egin bidali ondoren. Kartelaren tamaina 70×50 zentimetrokoa eta formatu bertikalekoa izango da. Neurri horietara egokitzen ez diren lanak onartuko ez direla jakinarazi du udalak.
Epaimahaiak hilaren 22an erabakiko du kartel iragarlea. Kartel irabazleak 200 euroko saria jasoko du, eta sari banaketa Bertako Produktuen Astean egingo da. Parte hartu duten proposamenekin, gainera, erakusketa bat antolatuko du udalak Arma Plaza Interpretazio Zentroan, irailaren 23tik 29ra.