Casasola: "Aurrera egin da justizian. Yllanesek ahaztua izateko eskubidea eskatu zuen, baina Espainiako Auzitegiak ez dio eman"
16 urte bete dira gaur Diego Yllanesek Nagore Laffage gazte irundarra hil zuenetik. Omenaldia egin diote Laffageri eta bere ama Asun Casasolari Irunen. Biktimaren amak salatu du hiltzaileari ahaztua izatearen eskubidea eman izan baliote, gaurko ekitaldia ezingo zela egin.
Istillaga plazan dagoen Irungo Emakumeen Etxean egin diote omenaldia Nagore Laffage Casasola irundarrari, Irungo Udalak eta Emakumeen Etxeak antolatuta. Izan ere, gaurko egunez orain 16 urte, Jose Diego Yllanesek irundar gaztea hil zuen Iruñeko sanferminetan.
Gaurko ekitaldira Asun Casasola amaz gain, Cristina Laborda alkatea ere bertaratu da. Alkatearen esanetan, Casasolak “egunero eta hamasei urtez” erakatsi du “amorrua eta pena sendotasunean, borrokan, eta memorian bilakatzen”. Hiriko emakume guztientzat “eredu” dela adierazi du.
Irungo Emakumeen Etxea elkarteak “Nagoreren oroitzapena bihotzean” dutela adierazi du. Ahalduntze Eskolako Kantu Tailerrak Canción Sin Miedo abestutu du ondoren, eta, jarraian, Marina Eskizabelek egin du dantza. Ekitaldia ez da bukatu, baina, hitza Casasolarena izan arte.
Gogoratu du Espainiako Auzitegiak uko egin diola Yllanesen aztarna digitala ezabatzeari, ahaztua izateko eskubidearen gainetik informazio eskubidea dagoela ebatzita. “Aurrera egin da justizian. Yllanesek ahaztua izateko eskubidea eskatu zuen, baina Espainiako Auzitegiak ez dio eman”, zehaztu du. Epaitegiek eskubide hori eman izan baliote, ezingo zela Laffagetaz “inon ere ez hitz egin” deitoratu du: “Ez eskoletan, ez gaur bezalako ekitaldietan, ez eta udaletxean ezta elkarteetan ere”.
Urrats txikia dela egindakoa uste du Casasolak, baina jendeak kalera irteten segitzen duen bitartean, “borrokan segitzen” duen bitartean, “ongizatea” lortzen dela azaldu du.
Indarkeria matxistaren biktimak oraindik badaudela salatu du Casasolak, eta hilketa horiek egin bitartean, beste amei berak jasotako “kariñoa” emateko eskakizuna egin du. “Ez da berdina bakarrik egotea, edota nik jasotzen dudan maitasuna jasotzea. Besarkadek balio dute, badakigulako ez dugula justiziarik”. Azkenik, eskerrak eman ditu, “akonpainatzeagatik”.