Irisgarriagoa izango da Amaia KZ
Kultur Zentroko eskailerak kendu eta portxeko lurra aldatuko dute, irrist ez egiteko. Bi hilabeteko iraupena izango dute obrek.
Irungo areto nagusia da Amaia KZ, baina irisgarritasun kontuetan ez da nagusitasuna duena. Izan ere, sarbide nagusitik eserlekuetara joateko eskailerak daude, baina Irungo Udalak gaur jakinarazi du mugikortasun urriko pertsonentzako arrapala irisgarriak jarri eta eskailera mailak kenduko dituzte.
Portxean bi eskailera maila daude, eta gainera euria egiten duenean, ura pikatzen da bertan eta irrist egiteko arriskua egoten da. Lan hauekin, portxeko lurzorua berrituko dute, bi arazo horiek desagerrarazteko.
Horrez gain, egungo ate astunak kenduko dituzte eta arinagoak diren batzuk jarri. Era horretan, erabilera publikoko eraikinen irisgarritasunaren eta ebakuazioen inguruko araudiak ezarritako mekanismo guztiak izango dituzte.
Lanak Lefesa SL eta Luma tailerrei esleitu dizkiete, 38.597,07 euroko aurrekontuarekin. Bi hilabeteko epea dute obrak burutzeko.