Hondarribiko traineruak, fin asteburuan
Hondarribia Arraun Elkarteak lehian dituen hiru eskifaiak bikain aritu dira, eta denek jarraitzen dute tinko beren helburuen lehian.
Asteburuan Eusko Label eta Euskotren Ligetako hirugarren eta laugarren estropadak jokatu dira. Larunbatean Fabrika Bandera lehiatu zen Donostian, eta atzo, Zierbenako XLI. Petronor eta IV. Edinor Banderak. Hondarribia Arraun Elkarteko bi ontzien balantzea positiboa izan da. Gizonek onenen pare jarraitzen dute. Larunbatean, hirugarren izan ziren, eta igandean, bigarren. Hortaz, 21 puntu poltsikoratu ditu Ama Guadalupekoa-k Euskal Herriko lehen estropadetan.
Orain arte jokatutako estropada guztien antzera, Urdaibaik faborito nagusia dela erakutsi du berriro ere, eta bi estropadetan nagusitu da. Hondarribiaren antzera, Zierbena bigarren izan da Donostian, eta hirugarren Zierbenan. Hortaz, haiek ere 21 puntu lortu dituzte asteburuan. Lau jardunaldi jokatuta, Urdaibai da lidergoan 48 punturekin. Lautik lau Bou Bizkaia-rentzat. Bigarren postuan Zierbenak jarraitzen du. Galipo-ek 41 puntu dituzte, hirugarren den Hondarribiak baino puntu bat gehiago.
Hitzari egindako adierazpenetan, Mikel Orbañanosek onartu zuen Ama Guadalupekoa-ren helburua ohorezko txandan mantentzea dela, eta lau jardunaldi jokatuta, hori betetzen ari dira. Hortik aurrera, gora begira jarri nahi dute, eta ohorezko postuak eskura dituzte.
Emakumeak
Iker Cortesek aitortu zuen Ama Guadalupekoa-ren helburu behinena jaitsierako postuak saihestea dela, eta bide onean doaz. Larunbatean, seigarren izan ziren Donostian, eta igandean, bosgarren Zierbenan. Balantzea, gainera, oso positiboa da, arerio zuzenekiko aldea handitu baitute. Hondarribia bosgarren da sailkapenean 14 punturekin, eta asteburu honetan 7 poltsikoratu dituzte. Seigarren Cabo da, 11 punturekin. Galiziarrek 6 puntu erdietsi dituzte asteburuan. Zazpigarren, eta play-off postuetan, Hibaika da, 10 punturekin. Madalen ontziak 4 puntu lortu ditu. Azken postuan, aldiz, Tiran da, 5 punturekin. Haiek 3 puntu bereganatu dituzte asteburuan.
Jaitsierako postuak ekidinda, Cortesek onartu zuen gora begira jarri nahi dutela, eta estropadaren batean ohorezko txandan egon nahi dute. Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea koska bat gorago daudela adierazi zuen Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak, baina Donostiarra gertuago dagoela nabarmendu zuen. Donostiarra, baina, Hondarribiaren aurretik sailkatu da bi estropadetan, bietan laugarren izanik. Hortaz, donostiarrek hondarribiarrek baino 3 puntu gehiago lortu dituzte asteburuan, eta ohorezko txandan egoteko nahi hori zertxobait urrundu zaie. Une honetan, Donostiarra laugarren da sailkapenean 20 punturekin, eta Hondarribiak baino 6 puntu gehiago ditu.
Gizonen B trainerua
Hondarribiko gizonen bigarren traineruarentzat ere asteburua positiboa izan da KAE1 Ligan. Orotara, 8 puntu lortu dituzte Camargoko eta Portugaleteko Banderetan, eta arerio zuzenei puntuak jan dizkiete. Hondarribia hamaikagarren da 17 punturekin. Hamargarren Camargo da, 18 punturekin. Kantabriarrek 5 puntu erdietsi dituzte asteburuan, berdeek baino bi gutxiago. Azken postuan, aldiz, Orio B da, 15 punturekin. Haiek 4 puntu poltsikoratu dituzte, Ama Guadalupekoa-k baino 3 gutxiago. Hondarribia, hortaz, bizirik da maila mantentzeko lehian, eta hor jarraitu nahi dute.