Gizon bat atxilotu dute Irunen beste bati eraso egiteagatik
Ertzaintzako agenteek duela bi egun atxilotu zuten gizona, pertsona bat labanaz zauritu eta dirua lapurtzeagatik.
Pasa den ostiralean (hilak 6) 32 urteko gizon bat atxilotu zuten Irunen gizon bati labanaz eraso egin eta dirua lapurtzeagatik. Polizia aurrekariak ditu atxilotuak, eta Ertzaintzak esan duenaren arabera epailearen esku utziko dute dagozkion polizia eginbideak egin ondoren.
Pasa den ostiral gaueko hamar eta erdiak pasatxo jakin zuen Ertzaintzak Irunen pertsona bat odoletan zegoela eta dirua lapurtu ziotela, eta gertakarien lekura iristean besaurrean zauri bat zuen gizon bat aurkitu zuten.
Ertzaintzak sare sozialetan zabaldu duenaren arabera zauritua gazte batekin elkartu zen auto bat salerosteko, eta ustezko saltzaileak labana batekin eraso egin zion gero ibilgailua ordaintzeko zeraman dirua lapurtzeko.
Anbulantzian eraman zuten zauritua Bidasoa Eskualdeko Ospitalera, eta ustezko egilea gaueko hamabi eta erdiak pasata atxilotu zuten.