Emaitza bikainak Haur Mailako Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketetan
Hondarribia Arraun Elkarteko 20 arraunlarik hartu zuten parte Banyolesen (Katalunia), zazpi ontzietan banatuta. Hainbat dominarekin itzuli dira etxera.
Asteburuan Haur Mailako Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketak lehiatu dira Banyolesen (Katalunia), Hondarribia Arraun Elkarteko 20 arraunlariren parte hartzearekin. Klubeko arraunlari gazteak bikain aritu dira, eta hainbat dominarekin itzuli dira etxera. Hondarribiak, orotara, zazpi ontzi uretaratu zituen txapelketan. ‘A’ motako finaletan lau ontzi aritu ziren, eta horiek brontzezko bi domina lortu eta bi laugarren postu egin zituzten. Gainontzeko hiru ontziak ‘B’ finaletan lehiatu ziren, eta horien balantzea ere ikaragarria izan zen: urrezko domina bat, zilarrezko beste bat eta bosgarren postu bat.