"Udako besarkadak oso garrantzitsuak dira, eta urtetik urtera gehiago"
Junkal Bauza, Tadamum elkarteko kide eta harrera familia ere bada. Saleh Mohamed Irunera eta Hondarribira etorri diren 14 haur sahararretako bat da.
Hainbat proiekturen bidez Sahararen alde egiten duen elkartea da Tadamum. Martir Sherif gerra proiektua kudeatzeaz gain, Saharako elikagai karabanarekin kolaboratzen dute eta udako hilabeteetan —beste elkarte askorekin batera— Oporrak Bakean programarekin bat egiten dute.
Aurten 199 haur saharar etorri dira Euskal Herrira. Horietako 14 Irun eta Hondarribira. Aurreko urtearekin alderatuz gorakada nabarmena izan da. Espero zenuten?
Junkal Bauza: Aurten izugarria izan da. Ez genuen batere espero. Iaz lauzpabost haur etorri ziren, eta hura ja sorpresa izan zen. Aspalditik ez zetozela hainbeste haur. Garai batean 20 inguru etortzen ziren, baina aspalditik, eta Covidaz geroztik batez ere, asko aldatu da guztia. Oso zaila da harrera familiak topatzea. Horregatik kristoren sorpresa izan da.
Zergatik da horren zaila harrera familiak lortzea?
Bauza: Mundua dagoen bezala egonda… Hainbeste behar dago, eta askotan hainbeste iruzur eta diru eskatze daude zaila izaten dela. Jendea izutu egiten da zerbait eskatzen diozunean. Azkenean, ezjakintasunak ere hartara bideratzen gaitu. Proiektu honetan, adibidez, guk ez dugu ezer ordaintzen, hegaldiak antolakuntzaren esku daude. Familiek egiten duten bakarra mahai gainean plater bat gehiago jartzea da.
Iragan igandean iritsi ziren (hilak 30). Nola izan zen harrera?
Bauza: Bidaia luzea izan zuten. Hasiera batean kanpamentuetatik gauean ateratzea espero zuten, baina hegaldia asko atzeratu zen. Orduak eta orduak eman zituzten aireportuan. Eguerdirako Euskal Herrian izan behar ziren, eta azkenean, arratsaldeko bostetan heldu ziren, leher eginda eta 25 orduko bidaia egin ondoren.
Harrera oso hunkigarria izan zen. Gainera, ez nituen inoiz hainbeste ume jaso. Oso nekatuta eta urduri heldu ziren, baina ilusio handiarekin.
Zein bide egiten dute?
Bauza: Tindufetik (Algeria) Argelera (Algeria), eta handik Bilbora heltzen dira.
Aurtengo kanpaina Udako besarkada bat deitzen da. Zergatik dira horren garrantzitsuak udako besarkada horiek?
Bauza: Oso garrantzitsuak dira, eta urtetik urtera geroz eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari dira. Alde batetik, bertako osasun egoera nahiko larria da. Elikadura aldetik eskasia handia dago, eta desnutrizioa du haurren kopuru handi batek. Egia da ez daudela mediku zerbitzu asko. Medikuak bai, badaude, baina ez dute baliabiderik. Haur hauek ez ditu inoiz mediku batek behar bezala artatu. Belarrietan, adibidez, infekzioak izaten dituzte askotan, hondarretan ibiltzen direlako.
Ur eskasia dago, eta muturreko tenperaturak daude bertan. Ez dago non lasai jolastu, lasai arnastu… Beraz, garrantzitsua da hona etorri, itsasoa bisitatu, eta muturreko tenperatura horietatik ihes egitea. Eta batez ere, gerra berpiztu zenetik, egoera baketsu batean bizitzea. Askorentzat egoera zaila izaten da anaiak edo aita gerran dituztelako. Baina haurrei oso ondo etortzen zaie, batez ere ondo deskantsatu, denetarik jan, eta itsasoaz disfrutatzeko.
Lehenengo egunak azterketa mediku horiek egiteko baliatzen dituzue, ezta?
Bauza: Hori da. Lehenengo egunetan medikuengana eta dentistarengana joaten gara. Oso ongi datorkie egokitzapen prozesu txiki bat egitea. Azkenean, handik etorri eta bertako kulturan berriro sartzeko prozesua gutxinaka egin behar da, eta arriskuez ohartu behar dira.
Tadamum elkarteko kide izateaz gain harrera familia ere bazara.
Bauza: Niretzat harrera familia izatea ez da beste familia bat izatea, familia handitzea da. Aurretiaz ezagutzen ez duzun haur bat ekartzen duzu, ez duena zure hizkuntza hitz egiten, eta oso izututa dator, ume bat da… Hasieran ez dugu elkar ulertzen, baina bada zerbait batzen gaituena. Beraiek ulertzen dute laguntzeko zaudela, beraien herria maite duzula. Haiek, zure herria maitatzen bukatzen dute, eta familiaren parte sentitzen dira.
Guk ere aukera izaten dugu urtean bitan beren etxea bisitatzeko. Askotan joan naiz bertara [Tindufeko kanpalekuetara] eta beren [Saleh Mohameden eta haren anaien] amona ezagutzen dut, baita aita eta ama ere.
Saleh, zenbatetan etorri zara Euskal Herrira?
Saleh Mohamed: Hirutan etorri naiz Euskal Herrira.
Gustatzen al zaizu Euskal Herriraino etortzea?
Mohamed: Bai, gustatzen zait.
Zer da hemen egitea gehien gustatzen zaizuna?
Mohamed: Igerilekura joatea.
Eta jateko baduzu janari gustukorik?
Mohamed: Patatak eta patata tortilla.
Aurten zure anaiarekin etorri zara. Pozik al zaude?
Mohamed: Bai, oso pozik.
Euskaraz oso ondo egiten duzu. Asko kostatu al zaizu ikastea?
Mohamed: Pixka bat kostatu zait. Poliki ikasi dut.
Zure anaiari erakutsiko diozu?
Mohamed: Bai.