Ordenantza Fiskalen proposamena aurkeztu du Abotsanitzek
Justizia soziala lortzea eta gizarte aurrerakoi baterantz egitea da alderdiaren asmoa. Ordenantza Fiskaleko neurriak 2025eko urtarriletik aurrera indarrean jartzea aurreikusi dute.
Gaur goizean datorren urtera begirako Ordenantza Fiskalen proposamenak aurkeztu ditu Abotsanitzek. Proposamen horiekin justizia soziala lortzea eta gizarte aurrerakoi baterantz egitea da alderdiaren asmoa. Zentzu horretan, zaurgarrienei laguntzeko helburua dute gaurkoan proposatu dituzten Ordenantza Fiskalek.
Hondarribiko errealitate sozioekonomikoa urteetan zehar eraldatzen joan da, eta Tamara Sastrek azaldu duenez, prozesu horretan erosketa ahalmena ez duten auzokideak “herritik kanporatuak” izan dira eta Hondarribira botere ekonomiko handia duten pertsonak etorri dira. Eraldaketa horrek Hondarribiko bataz besteko errentan “alterazio nabarmena” eragin du.
Urte luzeetan zehar, gainera, ordenantza fiskalak izoztuta egon dira, “batzuei hala komeni izan delako eta besteetan, utzikeriaren ondorio” nabarmendu du Sastrek. Ondorioz, beste herriekin alderatuta —Irunekin, Zarautzekin, Oiartzunekin edota Donostiarekin esaterako— ordenantza fiskalen aferan atzeratuta dago Hondarribia.
Abotsanitz alderdian errenta handien jabe direnek errenta baxukoekin alderatuta, fiskalki, esfortzu handiagoa egin behar dutela uste dute, eta horregatik, “lehenengo eta bigarren mailako hondarribiarrik egon ez daitezen” hurrengo neurriak planteatu dituzte:
Familia ugariak
Familia ugariak direnek hobariak jasoko dituzte. 3 seme alaba dituztenek %50-eko hobaria, 4 seme alaba dituztenek %70ekoa eta 5 edo gehiago dituztenek %90eko hobariak jasoko dituzte. Baldin eta familiaren osagai positiboak (errentak) ez duen 80.000 euroko kopurua gainditzen. Gainera, elbarritasuna duten seme alabak bi bezala kontuan hartuko dira eta ohiko bizilekuaren gainean aplikagarriak izango dira soilik (helbide fiskala eta gehienez trasteleku bat barnera daitezke). Hobari hau indarrean egongo da familia ugarien aitorpena indarrean dagoen bitartean.
INEren arabera 2021ean Hondarribian bataz besteko etxe bateko errenta positiboa 44.946,63 euroko izan zen eta EUSTATek argitaratu zituen datuen arabera, urte berean, 56.213 eurokoa zen kopurua.
Energia berriztagarri eta aprobetxamendu termiko eta elektronikorako sistemak
Eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektronikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinei %50eko hobaria aplikatuko zaie. Beti ere sistema horiek dituztenak ohiko etxebizitzak badira —bigaren etxebizitzetan hobaria jasotzea ekiditeko—.
Gainera, Ondasun Higiezinen gaineko zergan hobariren bat dutenak salbuetsita egongo dira. Hala, nahiz eta bigarren etxebizitza izan eta hutsa egon, adibidez, efizientzia energetikoaren hobaria jaso ezkero salbuetsita egongo litzateke, “neurri klasistatzat edo etekin fiskaltzat har genezakeelako”. Aurten, 26 ohiko ez etxebizitza salbuetsita geratu dira enkargua ordaintzeagatik.
Ez ohiko etxebizitzak
2024an ez ohiko etxebizitzak direnei eta hutsak daudenei %50a aplikatu zaie, eta horri esker 307.137,73 euro bildu ditu udalak. Abotsanitzek errekargu horren ehunekoa igotzea proposatu du; izan ere, “Hondarribian etxebizitzarekin dagoen arazoa nabarmena da. Eskaria eta eskaintzaren arteko desoreka handia da eta gaur egun dauden prezioak neurrigabeak dira”.
Sastrek, gainera, Gipuzkoako herriekin alderatuta, errekargu txikien jasotzen duen udalerria dela azaldu du, “kuriosoa da”. Oiartzunen %75, Tolosan, Zarautzen eta Hernanin %100 eta Donostiak eta Irunen %150-ekoa da ezartzen zaien gainkargua.
Abotsanitzen proposamena, beraz, 2025erako zegoen %50ari %10 eta %20 arteko errekargu igoera aplikatzea da.
Ibilgailuen gaineko zerga
Gaur egun Hondarribiak 17.000 biztanle baino gehiago ditu eta, motorrak salbuetsita, 9.123 turismo daude herrian. “Batez beste bi herritarretik batek du, gutxienez, turismo bat” azaldu du Aitzol Arroyok, eta orain artean, gainera, zaldi fiskal gutxien zituztenek esfortzu handiagoa egiten zutela gaineratu du.
Segidan, Abotsanitzek proposatu dituen neurriek ez dutela diru bilketa handitzeko helbururik argi utzi nahi izan du Arroyok.
Ibilgailuen gaineko zergaren proposamena honakoa da: 9 baino Zaldi Fiskal baino gutxiago dutenei %15eko beherapena egitea; 9 eta 12 Zaldi Fiskal dutenei %10eko jaitsiera egitea; 12 eta 14 Z.F. dutenei zerga mantentzea; 14 eta 16 Z.F. dutenei %10eko igoera egitea; 16 eta 20 Z.F duten ibilgailuei %15eko igoera egitea; eta azkenik, 20 Z.F-etik gora dutenei %25eko igoera egitea.
Gaurkoan proposatu dituzten neurriak erregistratuta dituzte jada eta udaleko alderdi guztiei helarazi dizkiete. Orain, gainontzekoen proposamenak jasotzeko unea da. Ondoren, batzorde batean Ordenantza Fiskalen proposamen bateratua egin eta udalbatzara bidaliko dute 2025a baino lehen.