Hondarribiko traineruek gora begira jarri nahi dute
Hondarribiko gizon eta emakumeek bide onetik hasi dute aurtengo denboraldia. Biek ala biek onenen pare egon nahi dute.
Erreferentziazko trainerua izan da Hondarribiko gizonena azken urteetan, eta onenen pare jarraitu nahi dute aurten ere. Galiziako estropadek erakutsi dute goiko postuen lehian ibiliko dela Ama Guadalupekoa. Coruñan bigarren izan ziren, eta Bueun, bosgarren. Berdeak sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira, 19 punturekin, lidergoan den Urdaibaitik bost puntura eta bigarren den Zierbenatik puntu bakarrera.
Galiziatik ohorezko txandan itzultzeko helburua zutela jakinarazi du Mikel Orbañanos Ama Guadalupekoa-ren entrenatzaileak. Esan eta egin, ohorezko txandan irtengo baitira bihar Donostiako XVI. Fabrika Banderan. Orain, helburu nagusia ohorezko txanda horretan mantentzea dela esan du Orbañanosek.
Iaz, sasoi bikaina osatu arren, sari potolorik gabe geratu ziren hondarribiarrak, hirugarren izan baitziren bai ligan nahiz Kontxan. Ezbairik gabe arantza hori kendu nahi dute aurtengoan, eta horretarako iazko maila ematea lortu behar dutela adierazi du Orbañanosek. Prestatzailea ziur da talde ona dutela onenen pare egoten jarraitzeko. Aurtengo eskifaia iazkoaren oso antzekoa dela baietsi du. Lau aldaketa izan dituzte denera, eta harrobiko hiru arraunlari igo dituzte lehen taldera, harrobiarengatik egiten duten apustuaren seinale garbia da hori.
Galiziako emaitzekin «gustura» badaude ere, Orbañanosek onartu du Urdaibai eta Zierbena «oso maila txukuna» ematen ari direla, eta Ama Guadalupekoa oraindik haiengandik zertxobait azpitik dagoela. Hala ere, Hondarribia «bide onetik» doala aitortu du prestatzaileak.
Orain arteko estropadak ikusita, lehia gogorra aurreikusi du Orbañanosek. Urdaibai besteen gainetik dagoela adierazi du. Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapeldun izateaz gain, Galiziako bi estropadak ere poltsikoratu ditu Bou Bizkaia-k. Zierbena ere kontuan hartzeko trainerua dela uste du. Gainontzeko ontziak, Hondarribia tarteko, «ilusioz» eta «esperantzaz» daudela aitortu du Orbañanosek, haiei «gerra emateko».
Emakumeak
Gizonen antzera, Iker Cortes emakumeen traineruaren entrenatzaileak lehen asteburuaren balantzea «oso positiboa» izan dela nabarmendu du. Helburu behinenak play-offa eta jaitsiera saihestea direla aitortu du Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak. Coruñan bosgarren postuan sailkatu ziren, eta Bueun, seigarrenean. «Gure mailan aritu ginen eta gustura gaude egin genuenarekin», esan du. Galiziako estropaden ondoren sailkapenean bosgarren postuan kokatu dira, zazpi punturekin.
Debuteko astebururako, gainera, Galiziako ontzien erreferentziarik ez zutela zehaztu du Cortesek, baina Cabo eta Tiran garaitu zituzten bi estropadetan. Alde horretatik «kontent» da Ama Guadalupekoa-ren prestatzailea: «Denboraldi osoan bi galiziarrei irabazten badiegu, play-offa saihestuko dugu».
Iaz salbazioa erraz lortu zuten, eta aurten ere gora begira jarri nahi dute. Play-offa eta jaitsiera ekidinda, «ahalik eta gorenen» gelditzea gustatuko litzaioke Cortesi. Une honetan, Arraun Lagunak «oso gainetik» dagoela zehaztu du hondarribiarren prestatzaileak. Donostiarrek Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak bere egin dituzte, eta Euskotren ligako lehen bi estropadetan ere nagusitu dira. Orio eta Tolosaldea ere koska bat gorago daudela iritzi du Cortesek, baina Donostiarra Hondarribitik gertu dagoela adierazi du. Asteburuan Donostiarratik soilik hamar segundora gelditu zen Ama Guadalupekoa, eta hamar segundo horiek edozein momentutan jan daitezkeela ziur da berdeen prestatzailea. Hori dela eta, noizbehinka ohorezko txandan sartu daitezkeela uste du Cortesek: «Beti saiatuko gara goikoei begiratzen behekoei baino».
Eskifaiari dagokionean, aldaketa batzuk izan direla aurreratu du Cortesek. Orotara, bost alta eta baja izan dituzte, eta aurtengo taldea iazkoa baino «indartsuagoa» dela uste du prestatzaileak. Orain, blokea osatzea falta zaiela uste du. «Blokea osatzen dugun heinean, hobetuko dugu», esan du.
Gizonen B trainerua
Gizonen bigarren trainerua da klubak lehian duen hirugarren ontzia. KAE1 Ligan ari dira, eta hiru estropada jokatu ondoren, sailkapeneko azken-aurreneko postuan daude, 9 punturekin. Gonzalo Carrionek talde gaztea du esku artean, eta lehen taldea elikatzen jarraitzeko xedea izango dute aurtengoan ere bai.