Higerko errepideko lehen erreia asteartean irekiko dute
Martxo hasieran itxi behar izan zuten bidea, luizi batengatik. Errei bat irekita badago trafikoa berma daitekeela esan du aldundiak.
Martxoaren 3an itxi behar izan zuten Higerko errepidea, luizi batengatik. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, datorren asteartean —hilak 9— irekiko dute errepidearen errei bat. Ezpondari eusteko lanak egin dituzte, eta jada bermatu dutela jakinarazi du aldundiak.
Asteartean 10:00etan irekiko dute. Hala ere, oraindik hainbat lan egin behar dituztela zehaztu dute: bide zoruaren, euste sistemaren eta drainatze sistemaren obra osagarriak. Lan horiek errei bakarra irekita dagoela egin daitezkeela ziurtatu dute. Hilabete gehiago beharko dute lan horiek bukatzeko, eguraldia egokia baldin bada, eta abuztuaren hasieran irekitzea da asmoa.
Semaforo batekin erregulatuko dute trafikoa. Horrez gain, itsasargira joateko alternatiba zein den jakinarazi dute: Pierre Lhande kalea, Hondarribiko portuan barrena.