Gazaren aldeko marmitako herrikoia, hilaren 13an
Bazkarirako ticketak Ttopara kafetegian, Larra tabernan, Ondaren tabernan, Garua okindegi-kafetegian, Ipotx goxokidendan eta Basque tabernan eskura daitezke 20 euroan. Ekarpen bat egin nahi duenak ere izango du aukera.
Hilaren 13rako Gazaren aldeko marmitako herrikoia antolatu du Etxara elkarteak. Jasotako diru guztia Andaluziako SUMUD_Jerez kolektiboaren bidez bidaliko diete Gazatar familiei.
Gaza, Hondarribiaren antzera, arrantza herri bat da, “egunez egun ahal duen guztia egiten duena bere lurra ez uzteko”. Etxara elkarteak bertako familien azalean sartzeko gonbita egin die herritarrei: “Saiatu behar dugu sentitzen, une batez, zer den bizirik irautea, inguru osoan bonbardaketak, suntsipena, elikagai eta ur falta eta heriotza dituzula”. Beren lekuan jartzea zaila bada ere, Gazatarrekiko elkartasuna adierazteko sare berriak eraikitzea da elkartearen asmoa.
Laguntza oro, “baita xumeena ere”, garrantzitsua dela sinetsita mahai baten bueltan elkartzea proposatu du Etxara elkarteak. Bazkaltzeko sarrerak 20 euroan daude salgai eta bazkaltzera bertaratu ezin duenak baina lagundu nahi duenak 0 filako ticketak erosi ahalko dituzte. Horiek 10 euroko kostua izango dute. Ticketak Ttopara kafetegian, Larra tabernan, Ondare tabernan, Garua okindegi-kafetegian, Ipotx goxokidendan eta Basque tabernan eskura daitezke.
Elkarteak bazkarira gerturatzeko gonbita luzatu die herritarrei. Bazkaria Kasino Zaharrean izango da, eguerdiko 14:00etan.