Arrauna, zaletasunetik harago
Arrauna sakrifizio eta esfortzu handia eskatzen duen kirola den arren, amateur izaerakoa da, eta askok «malabarrak» egin behar izaten dituzte lana, entrenamenduak, bizitza soziala eta ongizate mentala zaintzeko.

Arraunlariak denboraldi betean sartu dira dagoeneko, eta irailera bitarte ez dute udako lehen hilabetean hartu duten olatua askatuko. Ekainaren 22 eta 23ko asteburuan hasi ziren KAE1 eta KE2 ligak, eta Euskotren nahiz Eusko Label ligetako arraunlariek Galizian egin zituzten denboraldiko lehen palakadak iragan asteburuan. Hilabete hauetan guztietan landutakoak erakusteko prest uretaratu ziren.
Denboraldia hasi bitarteko bidea, ordea, ez da makala izaten: entrenamenduak, lana, bizitza soziala eta ongizate fisiko zein mentala uztartzea lan nekeza izaten da arraunlari askorentzat. Sendo hartzen duten konpromisoa da. Azaroan hasi eta iraila amaieran bukatzen dute denboraldia, hamaika hilabeteren ondoren. Taldeek, orokorrean, asteko sei egunetan entrenatzen dute, asteburuak barne, eta horietako bakoitzean bi ordutik gorako entrenamendu gogorrak izaten dituzte. Zenbait arraunlarik, gainera, orduz kanpo entrenatzen dute, postua irabazi eta fisikoki edo teknikoki hobekuntza bilatzen dutelako.
Exijentzia maila oso altua duen kirola den arren, arrauna profesionalizatu gabeko kirola da, eta hortaz, ez dago arraunetik soilik bizi den arraunlaririk. Ania Perez (Irun, 1999) Arraun Lagunak-eko arraunlaria da, eta ia urte osoa entrenatzen ibili ondoren, denboraldia ilusioz eta indartsu hasi dutela kontatu du. Ez da gutxiagorako, ligako lehen bi estropadetako banderak astindu baitituzte.
Udan gozatu ahal izateko, ordea, aurretiazko lana egin behar izaten da, eta Perezen ustez lan hori kirolari profesionalen adinakoa izaten da: «Azkenean, esfortzu handia egiten dugu, bai fisikoki eta baita mentalki ere, gure gaitasun eta potentzia guztia atera ahal izateko. Eta lan hori gehienetan ez da ikusten». Profesionalek, kasu askotan, egunean bitan entrenatzen dutela dioen arren, ezberdintasuna arraunetik bizi ezin daitekeela dela azaldu du. «Nire kasuan, adibidez, pisua ordaindu behar dut eta horretarako, zortzi orduko lan bat behar dut. Bi lan ditudala kontsideratzen dut: lana-lana, eta metaforikoa». Oreretako fisioterapia zentro batean egiten du lan, eta jardunaldia bukatzerakoan bizikleta hartu eta Trintxerpera joaten da entrenatzera.

Arraun Lagunak-eko taldea Bueun. Seigarren tosta estriborrean Ania Perez. Josu Z.
Arraunlariek taldekidearekiko hartzen duten konpromisoa oso handia da, eta batzuetan egunerokotasuna gogorra izan daitekeen arren, babes sarea garrantzitsua izaten da: «Elkarren artean oso ongi ulertzen eta laguntzen gara», dio Perezek. Entrenatzera joateko gogorik gabe daudenean, edo mentalki zein fisikoki oso nekatuta daudenean asko estimatzen dute elkartasun hori. «Izan ere, entrenatzeko gogorik ez duzunetan ere nola edo hala joan behar izaten dugu taldea aurrera ateratzea nahi dugulako».
Sanpedrotarra Arraun Elkarteko Mikel Txintxurreta (San Pedro, 1998) ere Perezen iritzi berekoa da. Profesional bezala zaindu eta profesionalen bizitza egiten dutela ziurtatu du, exijentzia eta kirol maila aldetik asko eskatzen duen diziplina delako.
San Pedrok iaz KAE1 liga irabazi, eta play-offetan aurten Eusko Label ligan aritzeko txartela eskuratu zuen. Urte bien artean, ordea, Txintxurretak ez du alderik sumatu: «Taldearen aldetik, eskakizun maila, bai aurten eta baita aurreko urtean ere, berdina izan da. Gure helburua Eusko Label ligara igotzea zen, eta maila horretara heltzeko exijentzia maila horretan egon behar duzu».
Txintxurretak fabrika batean egiten du lan, eta goizean goiz joaten da hara. Lanetik irten, motxila prestatu, eta entrenatzera joaten da zuzenean. «Arrauna eta lana bateratzea nahiko gogorra egiten da, bai lantokian eta baita klubean ere ordu asko pasatzen ditugulako», adierazi du.
San Juango arraunlaria da Ander Makazaga (Pasai Donibane, 1998). 2015ean hasi zen aurreneko aldiz traineruan, eta urtebetez Oiartzungo Itsaslapurrak taldean egon ondoren, gainontzeko urteak etxeko taldean egin ditu. 2019an igo zen A trainerura, eta ordutik, KAE1 ligan aritu dira. Aurtengo denboraldia liga horretan arituko diren azkena izatea espero du. Orain arte hiru estropadatik hiru irabazi dituzte.
San Juan eta Lapurdi taldeetan prestatzaile fisiko gisa aritutakoa da, eta haren ustez kirol mailan profesional bezala exijitzen zaie arraunlariei, baina finean, amateur egoera dute. «Klub guztiek ez dute kristoren dirutza behar diren baliabide guztiak emateko, eta arraunlariok lan egin behar izaten dugu ezin garelako honetaz bizi». Makazaga autonomoa da, eta duela gutxi zabaldu zuen Ander Makazaga Kirola eta Ongizatea zentroa Donibanen. Aldi berean, Arraun Lagunak-eko gazteen entrenatzailea da, eta egunero, guztia antolatzeko, «malabarrak» egiten ditu: «Autonomoa izatea zaila bada berez, imajinatu arraunarekin uztartuta».
Ildo berean aritu da Nerea Orena (Donostia, 1981) Hibaikako arraunlaria. «Klub oso xumeetan ibili naiz. Orduan baliabideak askoz ere urriagoak ziren eta kristoren esfortzua suposatzen zuen emakumeentzako materiala eduki behar izatea. Dena bikoiztu egin behar zuten». Orena arraunean hasi zenetik gauzak asko aldatu dira. 2005. urte inguruan emakumeek batelak egiten zituzten soilik, eta ondoren, trainerilletara igaro ziren: «Hasieran ez zegoen ez txapelketarik ezta saririk ere, eta oso talde gutxi ateratzen ginen. Traineruarekin emakumeen arrauna ezagutarazi da, eta neska gehiago daude orain». Orenaren ustez afizio bat izateko eta ordainetan ezer ez jasotzeko sakrifizio handia da arraunlariek egin behar dutena, eta lehiak gora egiten duen heinean, eskaera maila ere gero eta altuagoa dela uste du.

San Pedro ontzia Gipuzkoako Txapelketan. Bigarren tosta baborrean Mikel Txintxurreta. Josu Z.
Irakaslea da Orena. Ordutegi aldetik ongi moldatzen da entrenatzeko. Urteko garai zailena, ordea, uda izaten da harentzat: «Okerrena orain izaten da, laneko oporrak ditut, baina ezin naiz oporretara joan. Bi hilabeteak arraunean pasatzen ditut, eta denboraldia bukatzen denerako lanean nago berriro». Urtero egiten duen hautua den arren, sakrifizio horrek urtero eragiten diola aitortu du.
Profesionalizatzearen aldekoak diren ala ez galdetzerakoan, Perezek eta Txintxurretak argi dute pausoa ematea gustatuko litzaiekeela, arraunlarien bizitza asko erraztuko litzatekeela uste dutelako. Orenak eta Makazagak, berriz, zalantzak izan dituzte. Orena: «Alde batetik onurak izango lituzke, esfortzu handia suposatzen duelako, batez ere lanean zaudenean. Entrenatzeko eta gainontzeko gauzak egiteko denbora asko kentzen dizu. Baina iruditzen zait ekarriko lukeela baliabide gehiago dituzten taldeak indartzea, eta besteak ahulago gelditzea». Makazaga: «Ez dakit. Nire lana asko gustatzen zaidanez horretan jarraituko nuke. Egia da jendeak lanagatik arrauna utzi behar izaten duela, denborarik ez duelako edo ez delako lanarekin bateragarria. Orduan, profesionalizatzeak aukera emango luke lan gutxiago egin edo lasaiago ibiltzeko, eta arraunean gehiago zentratzeko».
Zaintza integrala
Lanak eguneko ordu gehienak hartzen dituen bitartean, zaintza pertsonalak ere egunerokotasunean pisu handia hartzen du, eta hala moduz, tarte bat eskaini behar izaten diote. Batetik, elikadura zaindu behar dute, eta bestetik, entrenamendu gogorrei aurre egiteko ongi deskantsatu behar izaten dute.
Elikadura talde guztietan zaintzen den arloa da, baina guztiek ez dute modu berean egiten. Gizonezkoen kasuan, pisu jakin bat eskatzen diete, eta askorentzat gain karga handia izan daiteke, gehienetan oso exijenteak izaten direlako. Makazagaren ustez behar bezala errenditzeko eta aldi berean pisua jaisteko oreka bilatzea zaila izan daiteke, eta psikologikoki arraunlariengan eragina izan dezake. Sanjuandarren kasuan ez dute nutrizionistarik, klubak ezin izan duelako gastu hori bere gain hartu. San Pedroko arraunlariak, berriz, astean behin igotzen dira baskulara, pisua kontrolatzeko. Aurten, gainera, nutrizionista baten laguntza izan dute, eta horrek jarduna «asko errazten» diela uste du Txintxurretak.
Hibaikaren kasuan, aldiz, pisuari garrantzia kentzen saiatu direla kontatu du Orenak. Aurten ez dute nutrizionistarik izan, eta ongi elikatzea norberaren ardurapean utzi dute. «Aurten pisua jaisteari garrantzia kendu nahi izan diote, ikusita zein arazo ematen diren…». Arazoak elikadura obsesio bilakatzen denean gertatzen dira. «Agian beti egon dira, baina orain gehiago hitz egiten da horretaz. Gustatuko litzaidake errendimendua hobetzen joatea beste gauza batzuk zainduta. Elikatzea oso garrantzitsua da, baina beti osasuntsu egote aldera, eta hor muga oso fina izaten da», gehitu du. Arraun Lagunak taldean ere elikadura norberaren esku uzten dute.
Zaintzaren beste alderdi bat psikologikoa da. Hilabete luze horietan garrantzi handia duela iritzi dute laurek. Arlo psikologikoa orain arte albo batean geratu dela uste du Makazagak, baina haren garrantzia oso handia dela: «Arazo pertsonal bat baduzu gure bizitza estiloagatik masifikatu egin daiteke, eta elikadurak, deskantsuak, zure burua zaintzeak… horrek guztiak limitera eraman zaitzake». Elkartean psikologo baten laguntza ez badute ere, entrenatzailearen eskutik (Joseba Fernandez) buru osasun egokia izateko erraztasunak ematen dizkiela azaldu du.

San Juan ontzia Gipuzkoako Txapelketan. Hankeko tosta estriborrean Ander Makazaga. Josu Z.
Perez irundarrak azaldu duenez, ongizate emozionalak arraunkeran eta errendimenduan zuzeneko eragina izaten du: «Psikologikoki ondo egon behar zara fisikoki etekina ateratzeko, eta taldeari ekarpen bat egiteko». Makazagak aipatutako limite hori ezagutu zuen Perezek. 2023ko udan antsietatea eta depresioa izan zituen, eta bi hilabetez bajan egon zen. Laguntza psikologikoa eskatu, eta haren egoera erregularitzatzea lortu zuen.
Hibaika da lau elkarte horien artean psikologo baten laguntza izan duen bakarra. Duela urte batzuk profesional baten laguntza izan zuten, eta aurtengo denboraldian ere, duela gutxi, psikologo batekin lanean hasi dira. Orena donostiarrarentzat «oso positiboa eta garrantzitsua» izaten ari da. Urtean zehar kudeatzen zailak izan daitezkeen egoerak bizitzen dituzte arraunlariek: aurre-denboraldia adibidez, oso luzea izan daiteke eta uda garaian ere emaitzak esperotakoak ez direnean, edo presioa kudeatzeko, ezinbestekoa izaten da buru osasuna egoki mantentzea.
Arraunlari izateko DNAn «burugogorrak» izatea dagoela gehitu du Txintxurretak.
Sakrifizioaren emaitza
Urte guztian zehar, beraz, gauza asko sakrifikatzen dituzte arraunlariek udako hilabeteetan izaten duten lehiaz gozatzeko. Gauza horietako bat festara atzeratzea izaten da. «Arraunlariok oso mentalizatuta gaude, eta ez dugu parrandarik egiten, baina askotan kosta egiten da. Arrauna profesionalizatuko balitz ez litzateke horren zaila izango erabakia hartzea», iritzi du Arraun Lagunak-eko arraunlariak.
Baina merezi al du sakrifizio horrek guztiak? Dudarik egin gabe baiezkoa bota dute laurek. Nerea Orenak hogei urte daramatza arraunean, eta harentzat arrauna bizitza estilo bat bihurtu da. Gazteagoak dira Makazaga eta Perez, eta azaldu dutenez kuadrillakoek askotan galdetu diete ea arrauna noiz uzteko asmoa duten. Biek ala biek, ordea, ez dute uzteko aukera gertu ikusten. «Arraunlaria denak eta benetan arraunaz disfrutatzen duenak benetan merezi duela esan diezazuke. Kirolari bezala urtero fisikoki hobetzeak, teknikoki hobetzeak, eta lan horrek guztiak ematen dituen emaitzak ikusteak asko betetzen gaitu, eta bertan egiten dituzun harremanak eta talde sentimendu hori oso polita da ere. Entrenatzera zatoz zuregatik, ondokoagatik, eta denek batera lortu nahi dugun horregatik».
Perezi, bereziki, Kontxan aritzeak egiten dio ilusio gehien, eta emakumeen arrauna gorantz doala ikusteak asko betetzen du: «Kontxan jende pila bat ikusten duzu zure kamisetarekin, eta pentsatzen duzu: nondik atera dira hauek? Emakumeen kirola gorantz doa, eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu». Arraunarekiko sentimendu oso sakona du irundarrak, pasio hutsagatik aritzen da, eta egun ez du bere burua beste inon ikusten: «Udan arrauna telebistatik ikusiko banu zulo bat egingo litzaidake sabelean, bertan egon nahiko nukeelako: sufritzen, lagunekin, uretan. Sortzen den adrenalina hori asko gustatzen zait».
Txintxurretak ere udako momentu horiek ditu gustukoen, «batez ere estropada on baten ondorengo satisfazioa». Udan, neguan egiten den lan hori guztia ikusteko garaia izaten da; emaitzak ikustear daude. Zorte on denei.