Alarde publikoak ez du "amore emango" antolakuntzaren kudeaketa publikoa izan arte
Irungo Udalak 28. aldiz ez du antolatu alarde publikoa, eta alarde parekidearen batzordeak baloratu du "zilegitasuna eta atxikimendua" erdietsi dezaketela erakunde publikoek.
Alarde publikoak aurtengo desfilearen balorazioa egin du, udalak alarde publikoa antolatzeko konpromisorik hartu ez duen beste urte batez. Baina, ohartarazi dute ez dutela “amore” emango, eta argudiatu dute alarde parekideak “bizikidetza sustatzen” duenez, hura “sustatzen, antolatzen eta defenditzen” duen erakunde publikoek herritarren “zilegitasuna eta atxikimendua” erdietsi dezakeelako.
“Harro” sentitu nahi dute Irungo Udalaz ,bertako ordezkari politikoez, eta haro egon nahi dute alardea irundarrekin partekatu ahal izateagatik.
Lehen hitzak, baina, alardearen parte hartzaileen kopurua emendatzen ari dela esateko baliatu dituzte. “Ez da berria, urtez urte baieztatzen den joera baizik” argudiatu dute.
Alardea “adin eta izaera” guztietako kideek osatzen dutela azaldu dute, eta egunaren bukaeran denek konpainiak egindako “abegi onari” eskerrak ematen dietela, “ordura arte ukatua zitzaien aukera baliatu eta behingoz ospakizun eta jaian bete-betean murgildu direlarik zirrararen zirraraz bizitakoa deskribatu ezinik”. Parte hartzea “harrotasunez” egiten dutela gaineratu dute eta berretsi egiten dute “urtetik urtera ehunka batzen” zaizkie.
Duela 28 urte emakumeen parte hartzearen alde borrokan hasi ziren lagunen esanetan, “familia handi bat” osatzen du alardeak, eta urratsak elkarrekin egiteko jende gehiago batu ahala, “hazi” egiten direla. “Zeren eta, inklusioa, jai giroa, berdintasuna, aniztasuna gehitu ahala, alardea hobetu egiten baita. Izan
ere, inor bazter uzten ez duen jaia jai hobea izaten da, gizarte hobea egiten du”.
Jarraian, eskerrak eman dizkiete “barruan nahiz espaloietan” parte hartu dutenei, antolakuntzan aritu direnei, eta Emakunderi eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ekonomikoki alardea egitea ahalbidetzen duelako.