Gipuzkoako Behatoki Turistikoa aurkeztu dute
Hondarribiko Hiruzta Upategian egin dute aurkezpena. Aldi berean, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak hitzarmen bat sinatu du Segitturrekin lurraldeko helmuga turistiko adimendunen sarbide puntu izateko.
Gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako departamentuak Gipuzkoako Behatoki Turistikoa aurkeztu du. Hondarribiko Hiruzta Upategian izan da aurkezpena. Ekitaldia gainera Aldundiaren eta Segitturren arteko hitzarmena sinatzeko baliatu dute.
Gipuzkoako Behatoki Turistikoa erakundeen lankidetzatik sortutako tresna bat da. Helburua erabakiak hartzeko orduan aurrea hartzeko eta optimizatzeko beharrezkoa den informazioa erakundeen zein enpresen esku jartzea da. Zehazki, Gipuzkoako turismo ostatuen okupazioari buruzko informazio estatistikoa eskainiko du —EUSTATen eskutik lortzen duten informazioa da— eta lurralde barruko bisitarien mugikortasunarekin edo naturarekin lotutako hainbat erakargarri turistikoren edukierarekin lotutako datuak eskainiko ditu. Behatokira sarbidea hemen.
Webgunea aurkezten hasi aurretik Azahara Dominguezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Gipuzkoak dituen erronka handiei erantzuteko baliagarria izango den tresna bezala aurkeztu du. Datuen arabera, Gipuzkoan turismoak ez du “goia jo” oraindik, eta horregatik, erakundeen arteko lana “inoiz baino” garrantzitsuagoa dela azaldu du. Izan ere, Gipuzkoan turismoa modu jasangarrian hazten jarraitzea da aldundiaren helburua: “Gipuzkoaren helburua ezin da izan haztea hazteagatik, gure lurraldea erreferentziazko helmuga turistiko jasangarrien buruan mantentzea baizik”.
Hitzarmena
Aurkezpenean Foru Aldundiaren eta Segitturren arteko hitzarmena sinatu dute. Haren bidez, Foru Aldundia, Segitturrekin eta Basquetourrekin koordinatuta, Helmuga Turistiko Adimendumen (HTA) sarbide bihurtuko da. Aldundiaren esku geratuko dira, beraz, sarean sartzeko eskaeren zein diagnostiko ezberdinen eskaeren kudeaketa, eta, aldi berean, ekintza planen koordinatzailea izango da. Hitzarmena Azahara Dominguez-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta Enrique Martinez-ek, Segitturreko lehendakariak, sinatu dute.
Adibideak eta mahai ingurua
Aurkezpenaren amaieran Costa del Sol-en Big Data eta Adimen Turistikoko aplikazioa aurkeztu dute adibide gisa, eta ondoren, mahai-inguru bat egin dute Aldundiko, Basquetourreko, Donostia Turismoko, Goitur-eko eta Debegesa eskualde agentzietako ordezkariekin. Merkatua adimenaren esparruko erronka nagusiak jorratu dituzte, egungo eredu turistikoaren lan ardatz nagusietako bat delako.