Ermita kaleko arazoez hitz egiteko bilera eskatu du Elkarrekin Irunek
Kalea aurten berriro urbanizatu dute eta bizilagunek hainbat kexa dituzte. Horiei erantzuteko bilera eskatu dio udal gobernuari koalizio moreak.
Ermita kaleko bizilagunek Elkarrekin Iruni azaldu diotenez, bertako bizilagunek “desadostasunak” dituzte kalearen trafikoa kudeatzeko modu berriarekin, etxeko atarietan jarritako trabagarriekin, eta ibilgailuen eta oinezkoek kale estu eta luzean elkar pasa beharrarekin.
Kalea berriro urbanizatzeko lanak aurten bukatu dituzte eta aldaketa horiek bizilagunen segurtasunean eragina dutela baietsi du koalizio moreak. “Dagokien delegazioekin” jarri direla bizilagunak harremanetan azaldu du David Nuño bozeramaileak, baina ez dutela “arrazoizko erantzunik” jaso deitoratu du.
Elkarrekin Irunek oposizioarekin elkartzeko eta Ermita kaleko egoeraren berri izateko bilera bat eskatu dio udal gobernuari. Bilera horretan Ermita kaleko bizilagunen eskaerak hizpide izatea proposatu du Nuñok. Halaber, trabagarriez, ibilgailuentzako abiadura mugaz, ibilgailuek oinezkoekin eduki behar duten elkarbizitzaz, eta ibilgailuentzako kalearen erabilpenaren mugez aritzea eskatu du. Next Generation funtsen erabilpenen gaineko azalpenak ere galdegin ditu.
Bestetik, bizilagunek egindako lana “goraipatzekoa” dela azpimarratu du bozeramaileak, bide ofizialak erabili baitituzte udalarekin harremanetan jartzeko. “Udalak haien salaketei erantzungo zielako konfiantza eduki dute” erantsi du.
Auzoen beharrei erantzutea “ezinbestekoa” dela dio bozeramaileak, eta “auzoetatik bertatik” egin behar dela argudiatu du. “Bertan bizi diren pertsonak dira bertako beharrak hoberen ezagutzen dituztenak eta, beraz, ezin da ulertu haien eskaerei ez erantzutea”. Udal gobernuari egotzi diote pentsatu izana bulegoetatik gauzak egin daitezkeela eta ideia horrek deskonexioaren adierazle dela uste du Elkarrekin Irunen bozeramaileak. “Horregatik, udal gobernuak babesten duen hiri ereduak ez du funtzionatzen, eta problemak sortzen ditu soluzioak eman beharrean. Aldatu beharra dago”, bukatu du.