Ekintzailetza eta lehiakortasuna sustatzeko laguntzak
Eskaerak aurkezteko epea hilaren 12an itxiko da. Izapideak BAZen egin beharko dira.
Hondarribiko Udalak enpresen ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak martxan jarri ditu. Guztira 70.000 euro dira laguntza horietara bideratuko dituenak: 30.000 euro ekintzailetzaren sustapenerako eta 40.000 euro merkataritza zein zerbitzuen modernizaziorako.
Pertsonen enplegarritasunean, enpresen sorkuntzan, lehiakortasunean eta bertako proiektu estrategikoen sustapenean fokua jartzeko laguntzak eskaintzen dituen deialdia da, hori baita laguntza horien helburua: Hondarribiarren garapen sozioekonomikoa bultzatzea. Alde Zaharrean dauden ekintzailetza proiektuek, gainera, laguntza handiagoa jasoko dute, udaletik gune historikoari bultzada bat ematea dutelako asmo.
Estitxu Urtizberea zinegotziak, gainera, diru laguntza hauen inguruko hausnarketa betean daudela jakinarazi du. 2025 urterako udalerriko komertzioak babesteko eta hutsik geratzen diren lokalen merkaturatzea errazteko moldaketak egitea aurreikusi dute.
Eskaerak BAZen aurkeztu beharko dira. Informazio gehiago udalaren webgunean aurki daiteke.