Aduana Zaharra garbitzeko lanen esleipena egin du udalak
Garbiketa lanen aurrekontua 192.319,41 eurokoa da eta hiru hilabetetan burutu beharko dituzte lanak. Hurrengo pausoa, zaharberritzea izango da.
Aduana Zaharra Irungo Udalak erosi zion iaz Espainiako Estatuari 1.666.416,76 euroan, eta orain, eraikina egokitzeko lanekin ari dira. ViaIrun proiektuaren barruan daude lan hauek eta Hiri Barruti Berritzailea sortzeko estrategiaren erdigunea bilakatzea nahi dute Aduana Zaharra.
Pasa den ekainaren 26an, eraikina garbitzeko eta hondakinak kentzeko lanen kontratuaren adjudikazioa onetsi dute. Kontratua Excavaciones Ipar Lur SLU enpresari esleitu diote 192.319,41 euroan eta 3 hilabeteko epean burutu beharko dituzte lanak. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako lanak izango dira.
Eraikin barruko hondakinak kenduko dituzte, sabai faltsuak eraitsi, instalazioak desmuntatu, egiturazkoak ez diren barruko trenkadak eraitsi, berehala kolapsatuko direla diruditen estalki horma atalak bota eta egitura osagarriak eraitsi.
Eraisketa eta garbiketa lanekin bukatuta, hurrengo urratsa eraikina zaharberritzea izango da. Horretarako, 4.980.125,10 euroko aurrekontua du udalak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako laguntza medio. Diru poltsa horretatik 500.000 euro bideratuko dituzte zaharberritze lanetara.