'Erremontari herriz herri' Hondarribira helduko da
Ostiral honetan Jostaldi pilotalekuan jokatuko dira 'Erremontari' saioko protagonisten arteko lehiak, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
ETBren Erremontari programaren laugarren edizioa amaitu berri da. Maiatzaren 2an, hasi zen, eta ekainaren 24an jokatu zen finala. Javier Urrizak eta Ibai Martiarenak osatutako bikoteak irabazi zuen txapela.
Erremontea euskal herritarren artean ezagunago egiteko helburuarekin jaio zen saioa. Behin saioa amaituta herriz herri, 17 udalerritan, erremontea zabaltzen eta ikustarazten arituko dira. Ostiral honetan izango da Hondarribiaren txanda. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera bi partida jokatuko dituzte: lehena, Segurola-Aiestaran VI eta Aldabe-Eskuderoren aurka izango da, eta bigarrena, Ansa II-Zubiri eta Urriza-Martiarenaren aurkakoa. Norgehiagokak hiru set-etara jokatuko dituzte.
Partidak ikusteko sarrerak egunean bertan jarriko dituzte eskuragarri Jostaldi pilotalekuan bertan.