Ikasmateriala erosteko diru laguntzak, zabalik
Irailaren 30era arte egongo da 'Erosi eta Ikasi Irunen' deialdia zabalik, eta familia errentaren arabera banatuko dituzte diru laguntzak. Edizio hau hamargarrena da eta 200.000 euroko aurrekontua dauka.
Erosi eta Ikasi Irunen ikasmateriala erosteko deialdia berriro aktibatu dute gaur. Irungo dendetan familiei diru laguntazk emateko deialdia da eta irailaren 30era arte ahalko dira egin eskaerak. Jon Ugarte Hezkuntza ordezkariak adierazi du dagoeneko ireki badute deialdia, familiek “antolatu daitezen eta beharrezkoak diren izapide guztiak lasai egin ditzaten” izan dela.
Hamargarren edizioa da aurtengoa eta 200.000 euro bideratu dituzte horretara. Interesa dutenek 2024ko ekainaren 21etik irailaren 30era bitarteko fakturak aurkeztu beharko dituzte. Faktura horiek ez dituzte zertan diru laguntzak eskatzeko epearen barruan egin behar, baina fakturak gorde beharko dituzte, gerora horietako batzuk eskatuko baitituzte. Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahalko dituzte edota HAZ bulegoetan edo 010 edo 943 50 51 52 telefonoetara deituta.
Diruz lagunduko dituzten materialak, suntsikorrak edota bukatzen direnak, eta ez suntsikorrak izango dira. Horrez aparte, eskola jarduerarako beharrezkoak diren jantziak ere aintzat hartuko dituzte deialdi honetan, eta arte hezkuntzarako, plastika, ikus hezkuntzarako, teknologietarako edo musikarako eskulanetarako gauzak baita ere. Ikastetxeak zirkular bidez eskatutako materialaren fakturak ere ahalko dira aurkeztu. Zein material diren jakiteko, jo ondoko orrialde honetara.
Laguntzak, gehienez, 100, 125 eta 160 eurokoak zian daitezke eta familia unitateko kide guztiek errentaren arabera banatuko dituzte. Urtean 27.000 euro gordin baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek, gehienez, 160 euroko laguntza jasotzeko aukera izango dute. Aurten jaso daitekeen gehienezko laguntza 10 euroan handitu dute.
Aldiz, urtean 27.000 euro eta 39.500 euro gordin arteko diru sarrerak dituzten familiek gehienez 125 euroko laguntza jasotzeko aukera izango dute. Azkenik, urtean 39.500 eta 52.000 euro gordin arteko diru sarrerak dituzten familiek 100 euroko diru laguntzak ahalko dute jaso gehienez. Ez dute laguntzarik ematea aurreikusten 52.000 eurotik gorako familia errenta gordinentzat.
Familiei diruz eskola gastuei aurre egiteaz gain, bertako merkataritza sustatzeko helburua duen deialdia ere badela azaldu du Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkariak. “Laguntzak jaso nahi dituzten familia askok Irungo saltokietan inbertitzeko aukera ematen du. Beharrezkoa da hiriko establezimenduetan erosketak pizten eta sustatzen jarraitzea, modu argia baita bertako ekonomia dinamizatzeko”.