Hondarribia Kultura; agenda soil bat baino gehiago
Uztailaren 12 eta 13rako Alde Zaharreko txoko ezberdinak lotuko dituen kultur topaketa antolatu dute. Herriko eragile eta sortzaileekin elkarlanean ondutako programazioa da.
Gaur goizean aurkeztu dute Hondarribia Kultura. Agenda soil bat baina gehiago, herriko kultur eragile eta sortzaileen arteko elkarlanaren bidez kulturari herriko txoko guztietan tartea egiteko eta kultura sustatzeko modu berria.
Hondarribia Kultura erreferente bilakatzea nahi dute, eta horretarako, azpiegitura eta baliabide gehiago beharrezkoak direla kontziente diren arren, ilusioz gainezka daudela kontatu du Ortzi Alonsok. “Epe muga honetan” noraino iristeko aukera izango duten ez badakite ere “ahalik eta modu txukunenean gauzak egiten” saiatuko direla adierazi du.
‘Hondarribia bizitzeko’ zen udal gobernuak agintaldi planean aurkeztu zuen leloetako bat, “eta bertan bizitzeko erdigunean auzoak dauzkagu” esan du Alonsok. Auzoei bizitza emateko kultur jarduera auzoetan egitea eta programazioa indartzea da beharrezkoa da zinegotziaren ustez.
Bide horretan antolatu dute Hondarribia Kultura kultur topaketa. Jaialdia, aldi berean, Hondarribia Kultura-ren irudi berria, izpiritua eta nahia aurkezteko baliatuko dute. Herriko eragile eta sortzaileekin elkarlanean ondutako programa da eta kulturaren aldeko apustuan, talde berriak, mitikoak eta bertakoak izango dira. Uztailaren 12an hasi (ostirala da) eta hilaren 13an (larunbatean) amaituko da. Bi eguneko zirkuitu bat izango da, Alde Zaharreko txokoak elkarlotuko dituena.
Programazioa
Lehenengo emanaldia Gipuzkoa plazan izango da ostiralean, 18:00etan. Ganbera musika kontzertua izango da, Musik&Arts iniziatibaren -musika ikasleekin egiten den elkartrukearen- barne dena.
19:00etan Kasino Zaharrean Miriam Perez Cazabon-en eskutik dantza emanaldia izango da. “Bi dantzari izango dira eta ipuin kontaketa bat eta antzerki performance bat ikusi ahal izango dira” azaldu du Maddi Carton Kultura teknikariak.
20:00etan Baluartean Ines Osinaga abeslariak haren lehen lana, Itsasoa da bide bakarra, aurkeztuko du. Horretarako hiru musikari cubatar izango ditu alboan.
22:00etan Agustina Etxeberria Plazan John Carey-ren Sing Street filma proiektatuko dute. Eta eguna amaitzeko, 23:00etan, Gipuzkoa plazan, Rüdiger musika taldearen kontzertua izango da.
Larunbat eguerdian, 12:00etan, San Nicolas atetik dantza performance txiki bat aterako da, Light dive izena duena. Sandra Cuesta da zuzendaria. 13:00etan, Polborinean, Mikel Sarriegik zuzentzen duen Astrolabium Teatroaren ‘Butterfly effect’ familia antzerkia emanaldia egongo da.
Arratsaldean, 18:00etan, Arma Plazan, Vaiven zirkuaren eskutik zirku ikuskizuna izango da, ‘Anonima’ deiturikoa. 19:00etan Gari&Maldanbera taldeak kontzertua eskainiko du Gipuzkoa plazan, formatu txiki batean. Ondoren, 21:00etan, Rupert Ordorika bakarka arituko da Baluartean. “Gauza intimo bat izango da” zehaztu du teknikariak. Eta azkenik, Idoia Azurmendiren kontzertuarekin Gipuzkoa plazan emango diote amaiera zirkuituari. Kontzertua 23:00etan izango da.