Hasi dira Eusko Label eta Eusko Tren Ligak
Hondarribia Arraun Elkarteko gizonezkoak hirugarren postuan itzuli dira Galiziatik; emakumezkoak, berriz, bosgarrenean.
Hasi da arraun denboraldia, eta ongi hasi ere. Eusko Label eta Eusko Tren Ligak bizi bizi daude eta Hondarribiko bi ontziek hasiera ona izan dute. Larunbatean Coruñan (Galizia) eta igandean Bueun (Galizia) lehiatu ziren; bi eremu ezberdin, biak ala biak beren gogortasun eta zailtasunekin.
Lehen jardunaldian (Coruñan) ostegunean egin zuten zozketaren hurrenkeraren arabera irten ziren ontziak. Hortaz, Hondarribiko emakumeak bigarren txandan aritu ziren, Donostiarra, Tolosaldea eta Hibaikaren kontra, eta olatu artean gora-behera ibili ondotik bosgarren amaitu zuten (11:29,98). Coruñako bandera Arraun Lagunak taldearentzat izan zen. Donostiarrek aurre denboraldiko sentsazio onak berretsi zituzten.
Hondarribia Arraun Elkarteko gizonezkoak, berriz, lehen txandan aritu ziren. Txanda berean Kaiku, Lekittarra eta San Pedro izan zituzten aurkari. Gizonen lehian aurrenak irteteagatik ez zuten ohorezko txandan ibil zitezkeen ontzien inolako erreferentziarik. Haatik, erlojupeko bat izango balitz bezala lehiatu eta lan txukuna burutu zuten. Jardunaldia bigarren postuan amaitu zuten (20:26,10), ohorezko txandan aritzeko txartela eskuratuz.
Larunbateko sentsazio onen ondoren, igande goizean Bueu-ra bidaiatu zuten arraunlariek. Aurreko egunean ez bezala, haizerik eta olaturik gabeko kondizioak izan zituzten arraunlariek. Emakumezkoetan hondarribiarrak lehen kaletik abiatu ziren eta norabidearekin guztiz ez asmatu arren, amaierara arte Hibaikarekin lehian izan ziren. Azkenean, errenteriarren ontzitik 0,76 zentesimetara helmugaratu ziren berdeak. Orotara seigarrenak izan ziren (10:54,30). Eguneko irabazlea Arraun Lagunak izan zen eta sailkapen orokorrean (zazpi punturekin) bosgarrenak dira hondarribiarrak.
Gizonezkoen lehiari dagokionez Hondarribiarrak hirugarren txandan aritu ziren. Laugarren kaletik abiatu, eta hasiera batean kalerik onena izan zitekeela zirudien arren, marea aldaketarekin kondizioak erabat aldatu eta sufritzea egokitu zitzaien. Txanda bereko Donostiarra ontziarekin lehian ibili ziren eta azkenean aurretik geratzea lortu zuten. Egun horretan bosgarrenak izan ziren (19:50,27). Behin behineko sailkapen orokorrean aldiz, hirugarrenak dira 19 punturekin. Horri esker asteburu honetan, larunbatean, Donostian jokatuko den estropadan ohorezko txandan irtengo dira.