PSE-EE: "Gobernu taldeak herritarren bizitza hobetuko luketen proposamen eta partida sozialistak baztertu ditu"
Gaur arratsaldean egingo dute maiatzeko ohiko osoko bilkura. Bertan bozkatuko duten aurrekontu aldaketarako sozialistek 32 proposamen egin dituzte.
Gaur arratsaldean maiatzeko ohiko osoko bilkura egingo dute udaletxean eta besteren artean, aurrekontu aldaketa onartzeko proposamena bozkatuko dute.
Aurrekontu aldaketa horretarako sozialistek 2,5 milioi euroko balioa zuten 32 proposamen aurkeztu dizkiote gobernu taldeari, baina horiek baztertu izana deitoratu dute. Beren ustez “herritarren bizi kalitatea hobetuko luketen eta Hondarribia jasangarriagoa bihurtuko luketen” proposamenak ziren eta horregatik aukera galdutzat jo dute erantzuna.
Horrez gain, aurrekontu aldaketa negoziatzeko prozesuaz kexatu dira ere. Azaldu dutenez proposamenak negoziatzeko bildu ziren arte ez zuten gobernu taldearen proposamenen berri izan, eta horiek lehenago jakin beharko lituzketela uste dute, oposizioak proposamen horiek osatzeko aukera izan dezan: “Udal gobernuak bere proposamena aurreratu beharko luke oposizioak bere ekarpenekin osa dezan. Eta justu kontrakoa gertatu da. Ekimenak aurkezten lehenak oposizioko taldeak izan gara”.
Sozialistek aurkeztutako proposamenen artean daude adibidez, etxebizitzari buruzko azterlan bat eguneratzea, 250.000 euro alokairurako laguntzetara bideratzea, Denda Bonua handitzea, Solbes-en igogailu bat sortzea, Hondarribiko saltokietan eskola-materiala erosteko familiei diru laguntzak emateko 50.000 euro bideratzea, edo mugikortasun murriztua duten edo hirigunetik urrun bizi diren pertsonentzako Behemendi garraio zerbitzuaren ordutegia zabaltzea.