Kirola Par(t)ekatuz jardunaldia, ekainaren 13an
Irungo Emakumeen Etxean arituko dira emakumeak kirolean parekidetasunez aritzeaz. Dagoeneko izena eman daiteke.
Duela urte bat abiatu zuten Kera eta Parean elkarteek Emakumeok Zast! proiektua, emakumeak kirolera hurbiltzeko elkartze momentuak. Kirola eta emakumeen parte hartzea lantzen jarraitzeko aburuz, Kirola Par(t)ekatuz jardunaldia ondu du Parean elkarteak ekainaren 13rako, osteguna. Irungo Udalaren eta aldundiaren babesa daukate.
Irungo Emakumeen Etxean, 18.00etatik aurrera, hiru hitzaldi eskainiko dira emakumeak eta kirola hizpide. Lehenik, Emakumeok Mugimenduan hitzaldia eskainiko du Oihana Zunzunegik, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak. Jarraian, Kera eta Parean elkarteko kideek Emakumeok Zast! proiektuaz arituko dira. Azkenik, Arantxa Arzak irundarrarena izango da hitza. Arzak, Txingudi Eskubaloi Klubeko arduraduna eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko Emakumezkoen sustapen arduraduna da.
Bertaratzeko aurretik izena eman beharra dago honako lotura honetan. Euskaratik gaztelaniara itzulpen zerbitzua behar dutenei eskatu diete 15 minutu lehenago gerturatzeko Emakumeen Etxera.