Hondartza Kiroldegiak uda denboraldirako eskaintza zabala eskainiko du
Adin guztietako pertsonentzat prestaturiko ekintzak eskainiko dituzte. Besteak beste, aerodance, tono pump, padel intentsiboa edota pilatesa.
Gaur goizean Hondartza Kiroldegian bildu dira Igor Enparan alkatea, Lupe Queiruga Kirol zinegotzia eta Asier Martin Hondartza Kiroldegiko gerentea. 2024 udarako antolatu diren ikastaro eta eskaintzen berri eman dute.
Adin guztietarako ekintzak eskainiko dituzte. Zenbait jarduera neguko eskaintzako berberak izango dira, eta beste zenbait berriak izango dira. Neguan eskaintzen dituztenekin jarraitzeko aerodance, tono pump, padel intentsiboa edota pilatesa eskainiko dituzte, besteak beste.
Berrikuntzei dagokienez umeei zuzenduriko ekintzetatik ludoteka nabarmendu nahi izan du Martinek. Goizeko 09:00etatik 13:00etara astelehenetik ostiralerako zerbitzua izango da. Haurrak kanpoaldean eta naturan egotea bermatuko dutela azaldu du. Gazteei dagokienez haiei zuzenduriko jarduera berezi bat prestatu dute ere: entrenatzeko sesioak. Entrenatzea dibertigarria egitea da saio horien asmoa.
Ikastaro guztiak hamabostaldikoak izango dira. Hondartza Kiroldegiaren webgunean kontsulta daitezke.
Kiroldegia trantsizio egoeran
Kiroldegian egindako aurkezpenean Hondarribia Lantzen-en egoera ekonomikoa zaila dela gogorarazi du alkateak: “Lur guzti hauek ez dira udalarenak eta gauza asko ezin dira egin eremuaren lagapenaren prozesuari buruz ez dakigulako ezer. Momentuz lagapena ez da gauzatu eta nahiz eta Trantsizio Ekologikorako Ministeritzaren erakundean galdetu dugun, ezin izan digute esan zer egoeran dagoen txosten hori. Baldintza oso garrantzitsua da gure kirol instalazioen garapen egoki bat egin ahal izateko, eta kezkatzen gaituen egoera bat da”.
Hala ere, kiroldegia trantsizio egoera batean dagoen harren, zerbitzua ematen jarraitzen dute eta otsailean iragarri zuten bezala kiroldegiaren eta instalakuntzen etorkizuna bermatzeko berrikuntza txikiak egiten dihardute. Horiei, gainera, beste hainbat gehituko zaizkie. Izan ere, gaur bertan izan dute Hondarribia Lantzeneko kontseilua, eta bertan, Jostaldi pilotalekuko argiteria berritzea, Hondartza Kiroldegiko teilaturako sarbidean segurtasuna hobetzeko lanak eta belar artifizialeko futbol zelaiko baranda konpontzeko lanak egitea onartu dute.
Azkenik, Hondartza Kiroldegiko datuak hobetzen ari direla aipatu dute. Azken hilabeteotan 400 bazkide berri baina gehiagok eman baitute izena.