Gipuzkoako Traineru Txapelketaren agertoki izango da Hondarribia
10:30etik aurrera 24 traineru arituko dira herrialdeko txapela eskuratzeko lehian, nor bere kategorian. Seniorren estropadak Gipuzkoako Arraun Federazioaren Youtube kanalean jarraitu ahal izango dira.
Asteburu honetan Gipuzkoako Traineru Txapelketaren agertoki izango da Hondarribia. Gaur goizean Elias Arruebarrenak (Gipuzkoako Arraun Federazioko presidentea) eta Edorta Kanpandegik (Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea) txapelketaren nondik norakoak aurkeztu dituzte.
10:30etik 24 traineru arituko dira lurraldeko txapela eskuratzeko lehian, nor bere kategorian. Gizonen eta emakumeen kategorietako lehen lau sailkatuek Euskadiko Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratuko dute.
Beteranoetan Badok 13, Fortuna, Zumaia, eta Illunbe arituko dira. Emakumeetan Hernani, San Juan, Hondarribia, Hibaika, Zumaia, Zarautz, Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta Tolosaldea. Eta gizonetan Zarautz, Hibaika, San Pedro, Lapurdi, San Juan, Zumaia, Hondarribia, Donostiarra, Orio, eta Getaria. Kaleen zozketa igandean bertan egingo da, goizeko 09:00etan, Kapitainiako eraikuntzan.
Iganderako iparraldeko haizea dago iragarrita, kilometroko lau ordukoa. Itsasoari dagokionez 0,9 metroko olatuak espero dira. Guzti guztia ez, baina seniorren arteko lehiak Gipuzkoako Arraun Federazioaren Youtube kanalean jarraitu ahal izango dira, 11:00etatik aurrera.
Historikoa
Gipuzkoako Txapelketak ofizialki erregistratzen hasi zirenetik gizonezkoetan 52 edizio egin dira, emakumezkoetan 16 eta beteranoetan 6. Hondarribian, gainera, sei aldi jokatu da txapelketa. Azkena duela bi urte izan zen, 2022an.
Iaz, 2023an, Hondarribia nagusitu zen Zarautzeko uretan eta Gipuzkoako txapela etxera ekarri zuen. Emakumezkoetan, berriz, titulua Donostiarrarentzat izan zen eta beteranoen kategorian Badok 13-k irabazi zuen.