Eguzkitza BHIko lau ikasle irabazle Gipuzkoako Liburu Gaztea booktrailer lehiaketan
Liburuen bideo trailerren lehiaketa da eta DBH 1-2 multzoan izan dira garaile Iria Moreno, Yolanda Etxeberria, Ane Murias eta Sara Gomez.
Galtzagorri elkarteak Liburu Gaztea booktrailer edota liburuen trailer lehiaketa antolatu du eta bertan hainbat ikastetxetako 3.000 ikaslek hartu dute parte: Bizkaitik 16 ikastetxek eta Gipuzkoatik 26 ikastetxek. Orotara, 362 booktrailer aurkeztu dituzte eta Eguzkitza BHIko VIP Taldea izeneko Iria Morenok, Yolanda Etxeberriak, Ane Muriasek eta Sara Gomezek irabazi egin dute DBH 1-2 multzoan, Coraline liburuaren trailerra eginez.
Sari nagusi bat da irabazi dutena eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusiak banatu die garaikurra. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du lehiaketa.
Epaimahaiaren arabera, zenbait eszenek “gogoan iltzaturik” geratzeko ahalmena dute eta lanaren “soiltasuna” nabarmendu dute. “Gidoia ondo landu dute eta antzezpen lan bikaina egin dute”.
Era berean, musika azpimarratu du epaimahaiak eta “oso aproposa” dela eta muntaia “txukuna” azaldu dute. Halaber, ikus-entzunezko baliabideak ez direla “gehiegikeriaz” erabili baloratu dute, hau da, ez direla liburuaren gainetik jartzen. “Istorioaren zertzeladak emateko gai da, booktrailer baten ezaugarri guztiak ditu eta jakin-mina pizten du”, bukatu dute.