Bidasoko suhiltzaileen interbentzioak %6,5 hazi dira urte batean
Orotara, 817 interbentzio egin zituzten iaz eta gehienak Irunen izan ziren. Bidasoko suhiltzaileen etxeak Oarso Bidasoa eskualdeetan du eskumena.
Irungo suhiltzaileen etxea Gipuzkoan biztanle gehien artatzen dituena da, zehazki, Irun, Hondarribia, Oiartzun, Errenteria-Orereta, Oiartzun, Lezo eta Pasai Donibaneko 135.473 herritar.
Eider Mendozak, gaur, Gipuzkoako suhiltzaileen etxeetan zehar bisita egin du eta nabarmendu du aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuen artean “garrantzitsuenetakoa” dela hau. Segidan, aldundiaren “konpromiso osoa” berretsi nahi izan du Mendozak “Bidasoan eta lurralde osoan ahalik eta zerbitzurik onena ematen jarraitzeko”.
Gaurko bilera iazko jardueraren balantzea egiteko baliatu dute suhiltzaile etxeko ordezkariek eta foru arduradunek. Irungo egoitzak Gipuzkoan herritar gehien artatzeaz gain, dotazio handiena duena ere bada: 36 suhiltzaile, 6 kabu eta 4 sarjentu.
2023. urtean lurralde osoan esku hartzen igoera eman dela azaldu du aldundiak eta horien artean, kopuru handiena Bidasoa parkean izan da. Guztira, 817 irteera egin zituzten iaz, eta gehienak, %41,6 hain zuzen ere, salbamendu lanekin zerikusia zutenak zian ziren, 340 orotara. Suteek 219 irteera eragin zituzten eta laguntza teknikoei lotutakoak 192 izan ziren.
Oarso Bidasoa eskualdeetan eta Gipuzkoan, Irun izan da esku hartze gehien izan dituen udalerria, Donostia salbu. Datuek diote 100 sute, 157 salbamendu eta 111 laguntza teknikori erantzun zietela aurreko urteak Bidasoko parketik. Beraz, %6,5eko igoera da egon dena urte batean. Zerrendan, bigarrena, Errenteria-Orereta da, baina bertan Irunen izandako interbentzioen erdiak egin behar izan zituzten. Mendozak nabarmendu egin du ere Hondarribiko interbentzio kopurua, Zarauzko parkeko interbentzio kopuruaren bera izan baitzuen. Horietatik gehiengoak salbamenduari lotutakoak izan dira.
Bidasoko suhiltzaileen etxea
Irungo egoitza da Gipuzkoako suhiltzaileen etxeen artean Energia Jarduketa Plana bete duen lehenbiziko parkea. Aldundiaren arabera, eraginkorra diren instalazioak ditu gaur egun, 2020 urtean hasitako lanak bukatu dituztelako. Apustu bat dela diote eta ingurugiroarekin konpromisoa bete eta energia baliabideen kudeaketa arduratsua egiten dutela gaineratu dute.
Besteak beste, isolamendu inguratzailea birgaitu dute, galdara gela ere berritu dute aerotermiarekin eta LED luminaria instalatu dute, presentzia eta argitasun detektagailuekin. Ekoizpen fotovoltaikoko instalazio bat ere jarri dute.