Serapio Mugika bekaren deialdia bihar irekiko dute
Iruni lotutako ikerketa historikoak bultzatzeko beka da. Proposamenak uztailaren 5era bitarte ahalko dira aurkeztu.
Irungo Udal Artxiboak gaur jakinarazi du, bihar, hilak 30, zabalduko dutela Serapio Mugika ikerketa bekaren XVII. edizioaren deialdia. Bekaren helburu nagusien artean, historiaren arloak ikertzeko ohitura zabaltzea dago, baita Irungo udalerriari buruzko tokiko historiari buruzko azterlanak bultzatzea ere. Ondoren, publiko orokorraren artean ezagutarazteko xedea ere badu diru laguntzak.
Bekaren zenbatekoa eurotan 9.000koa da: %30 ematen den unean, %30 aldiaren erdian eta gainerako %40 bekaren bukaeran ematen da, emaitzak aurkeztu eta gero. Udalaren esanetan, Espainiako Estatu osoan bere generoan hobekien ordaintzen denetako diru laguntza bat da.
Historiari lotutako beka honetara Irungo komunitatearen bilakaera historikoa ezagutzen edo iturri historikoak berreskuratzen laguntzen duten ikerketa proiektuak aurkez daitezke. Horiek originalak eta argitaragabeak behar dute izan eta egileak hauta dezake gaia eta aldia. Baldintza guztiak, txosten honetan irakur daitezke.
Bihartik hasita uztailaren 5era bitartean ahalko dira aurkeztu proposamenak, Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Lana bukatzean, udalak argitaratzeko eskubidea balia dezake.