Hondarribiko ondarea aztergai izango dute EHUko Udako Ikastaroetan
'Eraikitako Kultura. Ondarearen babesa: Hondarribiko kasu berezia' deituriko ikastaroa prestatu du EHUk haren udako ikastaro programaren barruan. Ekainaren 20 eta 21ean izango dira saioak. Doako ikastaroa da, baina plazak mugatuak dira.
Tokiko erakundeek eraikitako kultura ondarea babesteko eginkizuna dute. Hondarribiaren kasua, gainera, berezia da, “hirigune historikoa eta haren inguruko harresiak mantentzen direlako”. Hargatik, aurtengo udarako Eraikitako Kultura. Ondarearen babesa: Hondarribiko kasu berezia ikastaroa prestatu du EHUk haren udako ikastaro programaren barruan. Helburua honakoa da: eraikitako kultura ondarea babesteko eta zabaltzeko teknikei buruzko ikuspegi orokorra ematea, Hondarribiko kasu espezifikoari balioa emanez.
Ekainaren 20an eta 21ean izango dira saioak, Hondarribiko Paradorean. Eta EHUk antolatzen duenez 20 ordu (ECTS) -ko balio akademikoa izango du. Hizlariak Fernando Cobos Guerra arkitekturan doktorea, Bárbara Cordero Bellas Hispana nostra irabazi asmorik gabeko erakundearen zuzendaria, Maria Fernandez Sabau eta Aitor Zubia Azkue aritekturan lizentziaduna izango dira. Saioak gaztelaniaz izango dira, aldi bereko itzulpenik gabe.
Ikastaroa doakoa da baina plazak mugatuak dira, eta beraz, izen ematea beharrezkoa izango da. Ikastaro honen babesleak EHU, Hondarribiko Udala, Arma Plaza eta Paradoreak dira.