Pentsio duinen alde manifestatu dira Txingudiko Pentsiodunak
Pasa den astean Bilbon izandako topaketak "arrakastatsuak" izan direla nabarmendu dute. Besteak beste, Europa mailan mobilizazioak eta bestelako ekimen partekatuak bultzatzeko aukera baloratu zuten.
Txingudiko Pentsiodunek manifestazioa egin dute gaur Irungo kaleetan barna, hilabeteko azken astelehenetan egin ohi duten moduan Gipuzkoako Pentsiodunen deiari erantzunez. Gutxieneko pentsio publikoa 1.080 eurokoa izatea eta alargunen pentsioa %100ekoa izatea aldarrikatu dute bide osoan zehar. San Juan plazan hasi eta bukatu da eta bertan egin duten irakurketan, lehenik, nabarmendu egin dute hilaren 23an eta 24an Bilbon egindako Pentsiodunen eta Sindikatuen arteko Topaketa “arrakastatsua” izan dela.
Topaketa horiek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutakoa izan da eta Ipar Euskal Herriko eta Frantziako eta Espainiako Estatuko hainbat herri eta komunitatetako pentsiodunen plataformak eta mugimenduak elkartu ziren. Orotara, 210 lagunek hartu zuten parte. Itxiera egunean EH Bildu, Podemos Euskadi eta Ezker Berdeak alderdi politikoen ordezkariak joan zirela azaldu dute.
Bilbon bi gai nagusi izan zituzten eztabaidagai. Batetik, Espainiako eta Europako estatuetan pentsio sistema publikoen aurkako etengabeko erasoen diagnostikoa partekatu zuten. Bestetik, mobilizazioak eta bestelako ekimen partekatuak Europa mailan egitera bultzatzeko aukera baloratu zuten. Azken asmo honen helburua pentsio publikoen sistemak jasaten dituen erasoei aurre egitea litzateke eta pentsio duinak bermatuko dituen sistema publikoa defendatzea.
Horrez gain, salatu egin zuten pentsio sistema publikoen iraunkortasun faltaren ideia gizarteratzeko kanpaina iraunkor bat egitea ere. Kanpaina horrekin zahartze demografikoa eta zor publikoa aitzakiatzat hartzea da proposamena, betiere pentsio publikoen kostua murrizteko helburuarekin.
Garaipenez ere aritu dira gaur Txingudiko Pentsiodunak. Izan ere, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %125eko kotizazioa berreskuratu dute langabezian dauden eta langabezi sorospena jasotzen duten 52 urtetik gorako langileek. Era horretan, duela hilabete batzuk langabezia subsidioaren erreforman planteatu zen kotizazio maila horren murrizketa konpondu nahi dute, haren ondorioz, langile horiek erretiro adinera iristean jasoko zuten pentsio prestazio mugatua are gehiago murriztu zelako.
Neurri hau erreparazio positibokoa dela azaldu dute eta 1.653 euroren truke kotizatzea ahalbidetu du. “Baina ezin dugu ahaztu langile horiek kobratuko duten subsidio prestazioa. 480 euroan mantenduko dela hilero, eta hori miseria bat da, zalantzarik gabe”.
Azkenik, Espainiako Ministro Kontseiluak hitzarmen kolektibo autonomikoen eta probintzialen nagusitasuna onartu duela jakinarazi dute, erreforma plan beraren barruan zegoelako. Euskal sindikatuentzat “oso interesgarria” dela prebalentzia hori legez aitortzea esan dute.