Txingudi Ikastola Egunean haur, guraso eta astoak nagusi
Ekainaren 1ean egingo da berreskuratu berri duten ikastetxearen jaialdia. Lehen aldiz, gainera, AstoKK jolasa egingo da Euskal Jirarentzat dirua biltzeko.
Aurten ere antolatu du Txingudi Ikastola Eguna bertako guraso elkarteak eta larunbat honetan izango da (ekainak 1). Iaz berreskuratu zuten eta hezkuntza komunitatea trinkotzeko xedez ontzen dute. Egun osoko festa izango da eta oraingoan dirua bilduko dute ere, Irungo Euskal Jirari laguntzeko eta Irungo baserriak babestearen beharra aldarrikatzeko.
Guraso Elkartean Antxeta Irratiari adierazi zionez, larunbateko hitzorduarekin “Irungo hirian sakabanaturik bizi diren familiak urtean behin ikastolaren baitan elkartzeko” asmoa ere badutela. Orotara, 2 eta 16 urte bitarteko 1.200 ikasle daude matrikulatuta ikastetxean.
Egitaraua
Goizetik arratsaldera artean ez aspertzeko jarduerak proposatu ditu ikastetxeak. Bide horretan, egunaren eguzkiaren irteera, Adaxka Dantza Taldeko neska mutilek egingo dute dantza emanaldiarekin, 11:00etan. Ondoren, 11:30etik aurrera pottokan aritzeko aukera egongo da Jaitzubia Hipikaren eskutik. Leku berean puzgarriak eta tailer desberdinak egingo dira.
Eguerdian, 12:00etan, AstoKK dinamikari ekingo diote. Geberalarren baserriaren zelaietan, pentze zati bat bingo taula bilakatutako dute, eta Irungo Usategieta baserriak utzitako bi asto askatuko dituzte bertan kaka egin dezaten. Euskal Jirarentzat dirua biltzeko ekimena da eta astoak kaka egin arte luzatuko da. Parte hartzeko txartelak 3 euro balio ditu eta Irungo Laboren, Aldabe paper dendan eta Katea auzko Otazpi Berri ostatuan eskura daitezke. Hiru sari irabazteko aukera egongo da: IrrisarriLanderako urteko familia bonoa; Mitologik Donostiako ihes gelarako gonbidapenak; eta Sendaviva zoorako familia osoarentzako gonbidapenak.
AstoKK izan bitartean, Auntxa Trikitixa taldeak eguerdiko giroa animatzeari ekingo dio, 12:15etik aitzina. Jarraian, haurrentzako bazkaria egingo da karpan, 13:45ean. Bazkalondoan haur jolasak izango dira Txingurri Bihurri aisialdi taldeak dinamizatuta, eta gurasoen bazkaltzeko txanda izango da 14:30ean. Euskal kantu bazkaria izango dela iragarri dute, baina dagoeneko ezin da erreserbarik egin. Bi bazkarietan 3. DBHko ikasleek eta euren gurasoak arituko dira zerbitzatze lanetan.
Arratsaldean, Apar Festa egingo da 16:30etan hasita, eta eguna borobiltzeko, musika eta dantzaldia egingo dira. Bestalde, guraso elkarteak antolatutako txosna egun osoan zehar egongo da irekita.