"Oso harro gaude diseinua Hondarribira ekartzeagatik"
Lehen aldia zen gisa honetako topaketa bat Gipuzkoan egiten zena. Julia Lasa, Patri Taberna eta Ane Garmendia ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoek sortutako egitasmoak mugarri bat ezarri du.
Iragan larunbatean (hilak 25) gauzatu zen ZESTAFESTA; diseinuaren edo kreatibitatearen festa. Egun osoko egitasmoak 400 pertsona baina gehiago bildu zituen. Gipuzkoan kultura bisuala balioan jartzeko eta sektoreko pertsonak saretzeko egiten zen lehen topaketa izan zen.
Tailerrak eta ponentziak uztartzen zituen egitasmoak arrakasta itzela izan zuen. Goizeko tailerretan parte hartzeko leku guztiak bete ziren eta arratsaldean Itsas Etxea Auditoriuma ere topetaraino bete zen. “Oso tailer interesgarriekin hasi genuen goiza. Ikasleek eskuak zikintzeko aukera eduki zuten Banaka, AG Caligrafía eta Kulluxkarekin. Oso gustora egon ziren eta beren sorkuntzak pozik eraman zituzten” azaldu du antolatzaile lanetan aritutako Julia Lasak.
Arratsaldean 16:30ean hasi zituzten solasaldiak. Horiek Esti Curiel aktoreak dinamizatu zituen: “Bonita Estudiok, Andoni Beristainek, Isa Muguruzak eta Pensando en blancok hamarreko hitzaldiak egin zituzten; Itsas Etxea haiei esker bete zen”. Curielek ere haren partea primeran bete zuela kontatu du hondarribiarrak. Oholtza gainean inprobisaketaz, humoreaz eta motibazioaz baliatu zen, eta areto osoan zehar barre asko entzun ahal izan ziren.
Ikuslegoari dagokionez Donostiako, Gasteizeko, Bilboko eta Iruñeko estudio kreatiboak bertaratu ziren, baita Hondarribiko eta Irungo jende andana ere. Topaketan guztientzako lekua zegoen; sorkuntzaren mundukoak izan ez, baina munduarekiko kuriositatea zutenek ere disfrutatzeko eta asko ikasteko aukera izan zutelako.
Solasaldien ondoren guztiek elkarrekin topa egin zuten. Ekitaldiko unerik sozialena izan zen eta bertan harremanak estutzeko baliatu zuten aukera. Izan ere, asko eta asko sare sozialen bidez soilik ezagutzen ziren eta lehenengo aldia zen pertsonan elkar topatzen zirenak. Hori egin bitartean Basque Breweryren garagardoa dastatu zuten eta honek ere arrakasta izan zuen: “Oso lata polita egin zuten eta instagramen izugarri partekatu zen”.
Gaurkoan, egitasmoaren balorazioa egiterakoan, antolatzen aritutako Julia Lasak, Patri Tabernak eta Ane Garmendiak eskerrak eman dizkiete babesle guztiei: Hondarribiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari batetik, eta Bidasoa Basque Brewey-ri eta Eskua Paper-eri bestetik, “ekitaldia antolatzeko erraztasunak eta proposamen berritzaileak jaso genituelako”.
“Zorionak eta eskerrak” ez ziren falta izan. Lasa: “Askok ezan ziguten beste edizio bat nahi dutela, oso ondo antolatuta zegoela eta xehetasun guztiak kontuan izan genituela. Jendea halako topaketetara joateko gogotsu dago”.
Ekitaldia amaitzerakoan hiru antolatzaileak elkartu eta egindakoaz hausnartzeko tartea hartu zuten. Guztia oso azkar pasa zitzaiela kontatu dute eta egindakoagatik oso kontent daudela. Eta aldi berean, “oso harro diseinua Hondarribira ekartzeagatik eta gure inguruko jendeak egitasmoa baloratu izanagatik”.
ZESTAFESTAk mugarri bat ezarri zuen eta diseinuaren munduan festibalei dagokienez erreferente izatea lortu du.