Edinburgora konexio zuzena estreinatu du Donostiako Aireportuak
Uda honetan hamar helmuga eskainiko ditu Hondarribian kokaturiko azpiegiturak: Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Kanaria Handia, Palma, Menorca, Londres eta Edinburgo.
Iragan astetik (hilak 25) uztailaren 30era arte Donostiako aireportuak konexio zuzena izango du Eskoziako kapitalarekin. British Airways konpainiaren CityFlyer hegazkina arduratuko da Hondarribia-Edinburgo hegaldiak gauzatzeaz; Hondarribia Londresekin lotzen duen konpainia bera da.
Joaneko hegaldiak astean bitan irtengo dira Hondarribitik: asteartero (14:50ean) eta larunbatero (21:10ean). Edinburgotik ere egun horietan izango dira itzulerako hegaldiak. Ordua, ordea, aldatu egiten da: asteartetan 10:40ean irtengo dira bertatik, eta larunbatetan 17:00etan. Hegaldiek bi ordu eta erdiko iraupena izango dute.
Eskozian harrera bikaina egin diote eskaintzari. Orain artean eskaini diren 10 txarteletik 8 eskoziarrek erosi dituztela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gainontzeko %20a, berriz, Gipuzkoan saldu da.
Azahara Dominguez (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua) pozik agertu da hegazkin konpainiak aireportuarekin itxi duen akordioarekin, eta zentzu horretan lanean jarraitu behar dutela adierazi du diputatuak: “Lanean jarraitu behar dugu erreferentziazko helmuga jasangarri gisa mantentzeko, eta, horretarako, gero eta azpiegitura lehiakorragoak eta gure errealitate berrira egokitzen diren konexioak behar ditugu”.
Hondarribiko azpiegiturak British Airwaysekin egin duen azken akordioarekin hamar dira Gipuzkoatik eskaintzen diren helmugak; Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Kanaria Handia, Palma, Menorca, Londres eta Edinburgo.