ZESTAFESTA diseinu eta sormen topaketa, bihar
Julia Lasa, Patri Taberna eta Ane Garmendia ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoek sortutako egitasmoa da eta "erreferente" bihurtzeko osagarri guztiak ditu.

ZESTAFESTA diseinu eta sormen topaketaren egun handia izango da bihar (hilak 25). Julia Lasa, Patri Taberna eta Ane Garmendia ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoek sortutako egitasmoa da. Tailerren eta ponentzien bitartez, sormen-talentua ezagutzera ematea eta sektoreko pertsonen saretzea du helburu.
Proiektu honek Gipuzkoan dagoen hutsune bati erantzuten dio. Izan ere, gisa honetako topaketak beste hiri handiago batzuetan egiten diren arren, Gipuzkoan ez dago halakorik. Gainera, diseinu grafikoaren, sektore bisualaren, ilustrazioaren edo arte zuzendaritzaren sektoreak profesionalizatzeko “oso lagungarriak” direla ziurtatu dute antolatzaileek.
Lehenengo edizio honetan Bonita Estudiok, Andoni Beristainek, Isa Muguruzak, Pensando en blanco proiektuak, AG Caligrafía estudioak, Banaka tailerrak eta Kulluxka estudioak parte hartuko dute.
Hasiera-hasieratik Hondarribiko Udalaren babesa jaso du egitasmoak, Ortzi Alonsok azaldu zuenez, proiektu honek lau ikuspegi garrantzitsu defendatzen dituelako: “gaztetasuna, emakumea, sorkuntza eta ekintzailetza”. Estitxu Urtizbereak, bere aldetik, sektore ekonomiko guztietan “oraindik segregazio bertikal potentea” dagoela azaldu zuen aurkezpen ekitaldian eta “ekintzailetzan emakumeen presentzia oso urria” izanik, egitasmo honek “erreferente” bihurtzeko osagarri guztiak dituela esan zuen.
Goizean zehar tailerrak egongo dira eta arratsaldean hitzaldiak. Horiek 16:30etik aurrera izango dira. [Aretoa ia beteta dagoen arren, oraindik badago sarrerak eskuratzeko aukera.] Ondoren, Basque Breweryk topaketarako espresuki prestatu duen zerbezarekin topa egingo dute.
Eguneko egitaraua eta hitzaldietako protagonisten informazioa Zestafestaren webgunean aurki daiteke.