Orainetik etorkizunera begira
Hondarribian Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa (2023-2027) apirilean aurkeztu zuen Hondarribiko Udalak. Hilaren 29an bilduko da ‘lemixiko’ Euskara Mahaia, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Hilaren 11n Judas Arrieta artista plastikoa mural bat margotzen hasi zen Muliateko Kandido Saseta plazan. Bihar bukatuko du, herritarren laguntzarekin. Artelanaren erdigunean etorkizuna hitza ikus daiteke [ikus astekari honen azala], kolore biziko formez inguratuta. Murala «bertako biztanleen arteko lotura sustatzen duen ikur» izatea nahi du artistak. Paraleloki, euskara da Euskal Herriko biztanleak lotzen dituen ezaugarri nagusietako bat, eta Hondarribian erabilera datuak «oso txarrak» diren arren [erabilera 8 puntu jaitsi da bost urtean], egoera iraultzeko eta euskarak herrian etorkizuna izan dezan sortu dute Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa.
Udal guztiak, legealdiro, gisa honetako plan bat egitera derrigortuta daude. Aurtengo martxoko udalbatzarrean aho batez onartutakoa, beraz, 5.na izango da. 2005-2008 legegintzaldian egin zuten lehena. Orain artean egin direnekin alderatuta, ordea, badu zerbait berezi egiten duena: muralaren antzera Euskara Plana ere elkarlanean ondu dutela, gobernantza eredu partekatu baten bitartez. Egiteko modu hau ezinbestekoa izan dela adierazi du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak, planaren lan ildoak definitzeko, ekimenak proposatzeko, Euskara Mahaia nolakoa izango den erabakitzeko, eta ondoren, planaren jarraipena egiteko. «Gainera, ez dut beste eredu bat ikusten» berretsi du. «Hizkuntzaz ari gara, komunikatzeko ohituretaz. Nola komunikatu nahi dugun, zein zailtasun ditugun… Herritar guztiak gara horren parte». Are gehiago, euskara kalean entzutea nahi bada, udalak ere kalean egon behar duela uste du zinez, herritarrek eta eragileek izan ditzaketen traba eta zailtasunak identifikatzeko eta horiei erantzun bat emateko. «Argi dago beherakada hori gertatu dela herritarrak zailtasunekin topatzen ari direlako». Zentzu horretan, tresnak ematen ahaleginduko da udala, planteaturiko ekintzak ez betetzea «frustrazioa» izan ez dadin.
Aurretiaz egindako planen kasuan jarraipena egiteko zailtasunak izan zituztela kontatu du Lekuonak. Jarraipen egoki bat egiteko ezinbestekoa da giza baliabide gehiago edukitzea, eta, orain artean, herriak duen tamainarako Euskara Saila ez dela beharko lukeena bezain indartsua adierazi du. Horren ondorioa da, esaterako, 2023-2027 plana idazteko kanpoko kontratazio batera jo izana. Elhuyarren bitartez egin zuten hausnarketa prozesu guztia. Aldi berean, 2024ko urtarrilean UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu zen Hondarribia; 107. udalerria da. Haatik, prozesu honetan guztian zehar bertako kideen laguntza ere izan dute. Laguntza hori «oso garrantzitsua» izan dela ziurtatu du hautetsiak, euskara sustatzeko bidean horretan laguntzen duten egitasmo zehatzen jakitun direlako eta plan orokor oso bat dutelako arlo bakoitzean eragiten laguntzeko. Adibidez, ostalaritzan zein merkataritzan euskarak presentzia gehiago izatea jaso dute planean. Horrek herriko paisaia linguistikoari eragingo dio zuzenean. UEMAren Bertatik bertara izeneko kanpainarekin hori martxan jarriko dute.
Hausnarketa Batzordea deiturikoa hirutan bildu zen 2023ko azarotik 2024ko urtarrilera. Bertan, Elhuyarreko eta UEMAko kideek, zinegotziek, teknikariek, eragileek eta herritarrek parte hartu zuten. Bilerek bi orduko iraupena izan zuten, eta horietan guztietan hainbat prozesu landu zituzten. Diagnostikotik abiatuta zein lan ildo jarraitu eta zein egitasmo landu beharko lituzketen adostu zuten, ekintza plana garatu zuten; hau da, zeri emango zaion lehentasuna, eta azkenik, jarraipena nola egingo den zehaztu zuten. Guztira hamar lan ildo eta 44 ekintza barnebiltzen ditu planak. Dinamika horiek Elhuyarreko kideek gidatu zituzten. Saio horietako batean post it-ak erabiliz herrian gauza zitezkeen iniziatibak proposatu zituzten, eta dinamizatzaileek Eusko Jaurlaritzak zehaztutako bost ardatz nagusien barruan kokatu zituzten. Ardatz horiek gobernantza; jarrerak eta motibazioa; ezagutza eta gaitasunak; erabilera eta elkar-eragina; eta komunikazioa dira.
Ondoren, gometxa gorriak erabiliz iniziatiba horien guztien artean lehentasunak markatu zituzten. Jarraian, horien lanketak aurrera eramateko arduradunak identifikatu zituzten. Zenbaitetan ardura konpartitua izaten da. Adibidez, elkarte gastronomikoek euskara planak egiteko bideak aztertzeko aukera jasotzen du planak. Horren arduradun izendatu zituzten udala, Euskara Mahaia eta elkarte gastronomikoak.
Jarraipena
Azken horretan, ardurak identifikatzeko prozesuan, herriko eragile nagusiak zeintzuk ziren azaleratzen joan ziren. Hala, planaren gauzatzean parte hartu beharko luketen lau ardatz identifikatu zituzten: ostalariak, merkatariak eta enpresak batetik; hezkuntza komunitatea bestetik; aisia eta kirol elkarteak ondoren; eta herritarrak azkenik. Aipatutako ardatz horietako ordezkariak Euskara Mahaiaren parte izango dira, eta horiei talde eragilea batuko zaie: udala, Blagan elkartea eta euskarazko hedabideak.
Lekuonaren esanetan Euskara Mahaia martxan jartzea izan da planak izan duen erronkarik nagusiena; zehazki, Euskara Mahaiaren kontzeptuari forma ematea, eta mahaia nola antolatuko zen erabakitzea. Mahai horren helburua planaren jarraipena egitea izango da, beraz, bilkurak iraupen txikikoak eta efizienteak izatea nahi dute. Horretarako bi bloketan banatuko dute lehen saioa: lehen zatian, orain arte landutakoaren berri emango du Euskara Sailak, eta bigarrenean, hainbat dinamikaren bidez hausnarketarako tartea izango dute.
«Plana gauzatzeko gai baldin bagara, euskararen erabilerari eta presentziari bultzada eder bat emango diogu» Garoa Lekuona.
Hilaren 29an bilduko da lemixikoz Euskara Mahaia, arratsaldeko 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Lau ardatz horien barruan dauden 30 bat elkarteri bidali diete gonbidapena. Hala ere, gonbidapena jaso ez duen inork bertaratu nahiko balu, Euskara Sailarekin harremanetan jarri beharko lukeela azaldu du zinegotziak. Aldi berean, Euskara Mahaiko bilerez gain, ardatz horietako bakoitzarekin ere bilera sektorialak egingo dituzte, zein egoeratan dauden ulertzeko eta izan ditzaketen zailtasunak identifikatzeko. Dagoeneko ikastetxeekin eta ostalari zein merkatariekin egin dituzte lehen bilerak, eta horiek oso positiboak izan direla adierazi du Lekuonak.
Etorkizuna
Hausnarketa Batzordearen azken bileran balorazio bat egiteko eskatu zieten, baina ez edonolako balorazioa, edari baten bidez osatutako planak zein sentsazio ematen zien adierazi behar izan zuten partaideek. Haietako batek «xanpain botila irekitzeko modukoa ere bazela» esan zuela kontatu du zinegotziak, udaletik gaiari ekiteko gogoa nabari zela argudiatuta. Bertaratutakoek, batez ere, jarraipenari eman zioten garrantzia, eta balioan jarri zuten horren exekuzioa denen artean hausnartzeko aukera izan izana.
Aldi berean, etorkizunera begira, planeko ekintzak gauzatu eta jarraipena egin ahala, herriko eragileak elkar saretzeko erronka ezarri du Euskara Sailak. Era horretan, eragileen saretze baten bidez «euskararen alde elkar positiboki kutsatzea» lortu nahi dute. Hori lortzeko gakoa bilera sektorialak izango dira, sektore bereko eragileak elkartuko baitira bertan.
Orain artean egindako lanaren «oso balorazio positiboa» egin du hautetsiak: «Plana sortzeko erarengatik. Hau da, parte hartzailea izan delako; bertaratutako herritarren eskariak kontuan hartu direlako; eta dagoeneko egin dituzten bilera sektorial horietako erantzuna oso positiboa izan delako». Orain, plana egikaritzea falta da. Haatik, ilusioz heldu dio etorkizunera begirako erronka horri: «Plana gauzatzeko gai baldin bagara, euskararen erabilerari eta presentziari bultzada eder bat emango diogu». Hortaz, ilusioz bai, baina prozesuari arduraz ere heldu diola aitortu du udal gobernuko kideak.
Plana Hondarribiko Udalaren webgunean aurki daiteke, Euskara Saila zatian klikatuta, Euskararen plangintza Hondarribian atalean.
Itxaropentsu da Blagan
Blagan Euskara Elkatea euskara bultzatzeko eta herri euskaldunagoa sortzeko helburua duen elkartea da. Haatik, pozarren hartu zuten Hausnarketa Batzordean lehenik, eta Euskara Mahaian ondoren izateko gonbidapena. Elkartetik gobernu talde berriaren planteamenduarekin «itxaropentsu» daudela kontatu dute. Izan ere, Hondarribiko euskararen erabilera datuak «oso kezkagarriak» diren arren, plana herriko eragileen laguntzaz osatu izana eta martxan jartzeko plangintza egutegi zehatz bat edukitzeak ilusioa piztu die.
Hondarribian euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa dela iritzi dute, eta zentzu horretan, ostalaritzan eta merkataritzan pausoak ematen ari direlako «pozik» azaldu dira. Aldi barean, datorren astean bilduko den Euskara Mahaian modu partekatuan osatutako planari jarraipena emateko eta beren ideiak partekatzeko «prest» daudela azaldu dute. «Emaitzak etorriko dira seguru», diote. «Urte luzeetan ez da euskararen aldeko politikarik aurrera eraman herrian, eta orain aldaketa positiboa nabari da zentzu honetan».