Errepikatzeko eguna; dastatu zuten paella bezala, 10eko egitasmoa
Iragan igandean, hilak 19, gauzatu zen 'Hondarribia Baltsan' egitasmoa. Naiara Oronozek ibilketan eta Mikel Fizek futbolean bizitako esperientzia kontatu dute.

Naiara Oronoz eta Mikel Fiz hondarribiarrek Hondarribia Baltsan egitasmoan parte hartu zuten iragan igandean. Oronozek Erlaitz Mendi Elkartearen ibilketa saioan parte hartu zuen. Fizek, berriz, Hondarribia Futbol Elkarteak antolaturiko jardunaldian. Ibilketaren kasuan, jende andana bildu zen menditik bueltaxka bat emateko gogoz. Kopurua ikusita bi taldetan banatzea erabaki zuten: Kalbarioko bidetik Guadalupera igo ziren aurrenik, eta ondoren Higer itsasargira abiatu ziren, eta Kai Berririk, zuzenean, bazkaltzera joan ziren. Atzegitik 50 pertsona apuntatu ziren futbolera eta Hondarribi Futbol elkartetik beste hainbeste. Hala, 12 talde osatu zituzten, guztiak nahastuta, eta ligaxka moduko bat egin zuten. «Lehenengo galdu egin genuen, ondoren irabazi», azaldu du Fizek. Jarduerak bukatu ondoren, guztiek bat egin zuten futbol zelaiko harmailetan eta bazkari goxo batez gozatu zuten. Oronozi paella asko gustatu zitzaion, eta Fizek kozineroari hamar bat jarriko liokeela ziurtatu du, barrez.
Biek ala biek «oso ondo» pasa zutela eta «asko disfrutatu» zutela adierazi dute, eta datorren urtean errepikatzearen alde posizionatu dira. Bigarren edizio bat antolatuko balitz, zalantza izpirik gabe berriro futbolera apuntatuko zela aitortu du Fizek. Oronozek, ordea, paddle surf-ari edo arraunari aukera bat emango liokeela esan du.
Beren egunerokotasunean kirol asko egiten dute biek ala biek. Oronoz, ibiltzera joateaz gain, futbolean aritzen da; Fizen kasuan, haren bihotza futbolak lapurtu duen arren, noizean behin surf egitera joaten da. Azken horrek kirolean dena ematen du, eta zelaira irteten den bakoitzean arima uzten du bertan. «Kirolak oso ondo sentiarazten nau», kontatu du. Oronoz «txapeldun» sentitzen da kirola egiten duen bakoitzean, baita «ahaldunduta» ere.
Atzegi elkartea, «oso pozik»
Atzegitik eskerrak eman dizkiete egitasmoan parte hartu duten elkarte guztiei, beren inplikazioa «izugarri estimatzekoa» izan delako. Aldi berean, Hondarribiko Udalari ere eskerrak eman dizkiote halako egitasmo bat antolatzeagatik. Eskerrik beroenak Sport Mundirentzako izan dira, ekonomikoki asko lagundu dituztelako.
Gipuzkoa osotik Atzegiko 140 bat kide bertaratu ziren herrira. 50 futbolean aritu ziren, 25 bat arraunean eta paddle surfean, eta gainontzekoak ibilketan eta palan. Zerbait nabarmentzearren, mendiko bidea segurua izateko Erlaitz Mendi Elkarteak jende ugari ekarri zuela zehaztu du Susana Velascok, Atzegiko aisia saileko arduradunak. Bestetik, Hondarribiko Pilota Eskolaren bidez zesta punta probatu zuten zenbaitek aurrenekoz. Hortaz, «zerbait berritzailea» egin zutela adierazi du.
Kirol elkarteetako kideekin batera izan ziren Karmele Mitxelena eta Eugenia Garmendia. Naiara Oronozen eta Mikel Fizen amak dira. Atzegiko Bidasoko batzordeko parte dira, eta igandean babes emozionala emateko bertaratu ziren jardueretara. «Beraiei gozatzen ikusteak bikoitza betetzen gaitu», kontatu du Garmendiak. Guzti-guztiak kirolak eta ilusioak batu ditu.