Enparan: "Tamalez, gaur egun jasotzen ditudan proposamenak alardearen eragile guztiek onartuko ez dituztenak dira"
Alkateak konponbiderako gakorik ez duela aitortu du, baina alardearen eragile desberdinekin biltzen ari dela horren bila. Helburua, "berradiskidetzea" dela dio, eta alardearen bueltako ika-mika, orain, "udalarekiko" dagoela uste du.
Hondarribiko Kultur Etxean elkartu ziren atzo herritarrak eta Igor Enparan alkatea, Antxeta Irratiak gonbidatuta. Elkar entzunaz, konponbidea eraiki saio irekia egin zuten Aitziber Zapirain eta Koldo Nausia kazetariek gidatuta. Emanaldiaren hasieran Zapirainek argitu zuen saioan beste pertsona batzuk egotea ere bazela hasierako proposamena: “Alkatearen ostean hitza eman nahi genien alardearen bueltako sentsibilitate, bizipen edo iritzi ezberdinak dituzten herritarrei, eta haiek gonbidatzen ahalegindu gara”. Proposamen horri emandako erantzunen artean ez dutela “ezezko borobilik” jaso –kasu batean kenduta– nabarmendu zuen Zapirainek. Gainontzekoek “gogoa eta borondatea” bai izan dutela adierazi zuen, baina hainbat arrazoi tarteko ez ziren oholtzara igo. Eskerrak eman zizkieten “oholtzara ez igo baina gurekin hitz egin duten” herritarrei.
Atzoko saioan alkateari lau galdera luzatu zizkioten, eta ondoren herritarrek papertxo batean idatzitako galderak luzatu zizkioten bi kazetariek. Lehenik, alardearen auziaren gainean zein giro sumatzen duen herriak galdetu zioten alkateari. Enparanek azaldu zuen “hizketan” ari direla eragile ezberdinekin “etengabean”, eta elkarrizketa hori “jarraitua” izaten ari dela eta, “modu naturalean” gauzatzen ari direla hizketaldiak. “Errespetuz eta konfiantza espazioetan” ari dira gatazka kudeatzaileak elkarrizketa horiek edukitzen.
“Tentsioak” nabari dituela aitortu du: “Giroa bero baino, tentsioa badago, eta nabari da”. Tentsio horiei aurre egitearen alde agertu da alkatea konfiantza eremuaz sortuz, eta atzokoaren moduko elkarrizketak sortuz. Herrian hizketarako beharra badagoela dio, baina gaiaz askatasunez hitz egiteko dauden zailtasunak medio, espazio seguruak sortu behar direla ziur da.
Alkateak bere buruari helburu bat jarri diola azaldu zuen: “Berradiskidetzeko beharraren” ideiatik abiatutakoa da. Berradiskidetzerako bidean ez du uste denek lagunak izan behar dutenik, baina azaldu zuen herrian elkarrekin bizitzen diren gauzak “elkarrekin” bizi behar direla, eta horretarako gai izan behar direla.
Enparanek zehaztu zuen ez duela konponbiderako gakorik, baina konpromisoa hartu zuen konponbiderako gakoak non dauden bilatzeko. Konponbidea zein litzatekeen galdetu ohi diela alardearen bueltako eragileei mahai-gaineratu zuen agintariak, eta erantzun guztietatik beste galdera bat suertatzen zaiola esan zuen: “Zuk, eragile, uste duzu beste ikuspegia daukan eragile batek ontzat emango duela zuk egin duzun konponbiderako proposamena?. Normalean erantzuna ezezkoa da”.
Alkateak dio berak pertsonalki nahi batzuk izan ditzakeela, baina alkatearen helburua, herri osoaren ordezkari den heinean, berradiskidetzea dela, hori izango delako konponbidearen gakoak emango dituena. “Tamalez, gaur egun jasotzen ditudan proposamenak alardearen eragile guztiek onartuko ez dituztenak dira, eta orain gauden momentuan elkarrizketan sakondu behar dugu. Adostasuna dugu erakunde ezberdinen artean hondarribiarren artean eztabaida gune bat eman behar dela. Gainerako erakundeek bidelagun izan nahi dute, eta bidelagun beharrean inplikatuak badira, desoreka sortzeko eragileak izan daitezke”
Gobernu plana
Abotsanitzek bere gobernu plana aurkeztu zuen iazko udal hauteskundeetan, eta horren barruan alardearen gaia topa daiteke. Lau puntuz osatuta dago. Bide horretan, ja martxan daukate politikarien arteko mahaia, eta bidean daude herritarren arteko elkarrizketa mahaiak. “Baten bat egin da, baina bidean daude mahai berriak”. Bestetik, erakundeen arteko elkarrizketa mahaia abiatu dutela baieztatu zuen. “Bide bat egiten ari garela esan beharra daukat. Bidearen hastapenean gaude, baina bidea egiten ari gara, modu sakonean, eta nik alkate bezala bidelagun izan nahi dut”.
Gainontzeko erakundeen paperari buruz ere mintzatu zen Enparan: “Adostasuna dugu erakunde ezberdinen artean, hondarribiarren artean eztabaida gune bat eman behar dela. Gainerako erakundeek bidelagun izan nahi dute eta bidelagun beharrean inplikatuak badira, desoreka sortzeko eragileak izan daitezke”
Iazko alardea
Iaz, Enparanek harrera egin zion bai alarde baztertzaileari bai eta Jaizkibel Konpainiari ere. Orain artean alarde baztertzaileari soilik egin diote harrera EAJko alkate izandakoek: Txomin Sagarzazuk, Aitor Kerejetak eta Borja Jauregik. Enparani galdetu zioten eta aurrerapausorik eman den alardearen auzian udalari dagokionez, eta baiezkoa erantzun zuen. “Azken hamar urteetako errepasoa egin genuen aurreko asteko bilera batean, eta askotan sentsazioa dugun arren ezer ez dela mugitzen, neurri batean, egiten denean irakurketa bat epe luzeagoko batena, ikusten da gauzak mugitzen ari direla”.
2023ko alardeari titular bat jartzekotan “keinuen alardea” irakur zitekeen hainbat hedabideetan eta horrekin bat egin du alkateak. “Keinuen alardea izan zen, eta keinu horiek batzuentzat gehiegikeria bat izan ziren, eta beste batzuentzat oso eskas geratu ziren; beste batzuetan oso esker onekoak izan ziren iritziak”.
Iazko alardean “sufritu” egin zuela aitortu zuen atzo Enparanek. Batetik, eguna bera “gogorra eta intentsoa” izan zelako, eta hilabeteak hartu zituen egun horretan bizitakoaz hausnartzeko eta keinuen erantzuna baloratzeko, “baretasunetik”. Bi ondorio atera dituztela nabarmendu zuen Antxeta Irratiaren atzoko topagunean alkateak. Ondorioetako bat izan zen eragileen arteko ika-mika zegoela orain artean, eta egindako keinu horietatik ondorioztatu dute eragileen arteko ika-mika baretu zela, eta gatazkaren eremu hori udalarekiko bideratu zela. “Horregatik jaso genituen tentsio batzuk eta pozik gaude. Momentua gogorra izan zen arren, pozik gaude ika-mika eremua udalari begirakoa izatea”.
Bigarren ondorioa izan zen iazko alardean bazeudela hainbat kontu udal esparrutik kanpo geratu zirenak. Izan ere, alkatea alardearen bueltako eragile guztiekin bildu zen jakiteko zein izango ziren egingo zituzten keinuak, baina keinu bat gertatu zen udalak aurreikuspenik ez zeukana, eta horrek “sufritze momentuetara” eraman ziela adierazi zuen alkateak.
Antxeta Irratiak atzoko saioaren gaineko lanketa ere egin du, bideo bidez. Hura ikusteko sartu esteka honetatik.