Kiroldegiak eskainiko dituen udako ikastaroetako tarifekiko desadostasuna agertu du EAJk
Hilaren 9an egindako Hondarribia Lantzen-eko Administrazio Kontseiluan kiroldegiko udako ikastaroetako tarifa berriak onartu zituzten. EAJk "neurrigabetzat" jo ditu prezio aldaketa horiek.
Maiatzaren 9an egin zen Hondarribia Lantzen-eko Administrazio Kontseilua. Bertan, Hondartza Kiroldegiak eskainiko dituen udako ikastaroetako tarifak onartu zituzten, besteak beste. Gaur hedabideei helarazitako oharrean prezio aldaketa horietaz mintzatu da Hondarribiko EAJ.
Onartutako prezio berrien kontra agertu dira jeltzaleak, horiek “neurrigabeak” direla iritzita. Zenbait ikastarotan %750ko igoerak onartu dituztela esan dute. Erabaki hori, gainera, EH Bilduk eta Abotsanitzek osatutako gobernuak “alde bakarretik” hartu izana salatu dute eta herritarrei horren berri eman ez izanaz kexatu dira.
Hori horrela, prezioen igoera berraztertzeko eta onartutakoa “premiaz” gelditzeko eskatu dute; izan ere, jeltzaleen ustez “irizpide finantzarioarekin eta borondate politikoarekin” udako tarifei dagozkien igoerak “modu haztatuagoan” aplikatu daitezke.
Prezioen gorakadari begira kiroldegiko erabiltzaileak mobilizatzen hasi direla eta udaletxera zenbait kexa heldu direla esan dute ere.
Amaitzeko, udal gobernu taldea kudeaketa “inkoherentea” egiten ari dela uste dute: “Duela urtebete Gipuzkoako garestiena zela zioten kiroldegiaren prezioak nabarmen igo dituzte”. Eta horregatik, aurreko legegintzaldian “desprestigio kanpaina bidegabea” egin izana leporatu diete.