Jardunaldi Internazionalistek egitaraua handitu dute
Dokumentalekin eta erakusketa batekin egitaraua zabaldu egin dute. Besteak beste, Europar Batasunean zentsuratuta dagoen 'Un Lugar en el Mundo' Gazari buruzko argazki erakusketa egongo da.
Orain bi aste iragarri zuen Lakaxita Gaztetxeak Jardunaldi Internazionalistak antolatu dituela hilaren 31tik ekainaren 15era bitartean. Ordu hartan hitzaldien berri eman zuen, eta oraingoan, ikus-entzunezko egitaraua argitaratu dute. Proiekzio guztietan borondatea jartzeko kutxa egongo da.
Bide horretan, ekainaren 1ean, larunbata, Bidasoa 2018-2023 dokumentala proiektatuko dute Urdanibia plazaren bihotzean, 21:30ean. Produkzio taldeko eta dokumentaleko protagonistak bertan izango dira aurkezpena egiten.
Ekainaren 5ean, asteazkena, 20:00etan, Aranaztarra ostatuan elkartzeko deia egin dute. Bertan, emakume kurdu borrokalariak erdigunean jartzen dituen Las YPE contadas por ellas mismas dokumentala eskainiko dute. Ondoren, elkarrizketa bat egingo diote Clara Torresiri, Jineoloji zentroko kideari.
Hurrengo egunean, ekainak 6, Larragane ostatuan, El retorno, la vida despues del ISIS dokumentala proiektatuko dute. Alba Sotorra zinema zuzendari katalanak egin du eta Comandante Airan-ekin egin gisan, Kurdistanera itzuliko da Sotorra. Dokumentala 19:00etan hasiko da.
Azkenik, ekainaren 7an, ostirala, 20:00etan, Un Lugar en el Mundo dokumentala eskainiko dute. Europar Batasunean zentsuratuta dago eta Irunen ikusteko aukera esklusiboa egongo da. Aranaztarra tabernan izango da, eta egun horretan bertan, Aby Athman saharar aktibistaren erakusketa bat egongo da ostatu berean.