Erdi Aroko pintxo onena aukeratzear
Ekainaren 2ra arte Erdi Aroko produktuekin osatutako pintxoak dastagarri izango dira Enbatan, Gran Solen, Hondaren, Tatapasen, Mikan, Andiren eta Badia tabernan.
Bihar hasiko da Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa. Hamar egunez, ekainaren 2ra arte, Hondarribiko erdi aroko pintxoak dastatzeko eta onena aukeratzeko tartea izango dute Hondarribiarrek. Izan ere, epaimahaiaren saria ez ezik, Herritarren saria ere jokoan izango da.
Herritarrek egun batzuez bada ere, epaile gastronomiko izateko aukera izango dute. Horretarako lehiaketan parte hartuko duten Enbata tabernan, Gran Sol tabernan, Hondar tabernan, Tatapas gastrotekan, Mika tabernan, Andire tabernan eta Badia tabernan pintxo bana eskatu beharko dute.
Ondoren, bozkatzeko tabernetan aurki daitezkeen kupoiak turismo bulegoetan (Arma Plazan edota Portuan) entregatu beharko dituzte. Bozkak baliozkoa izateko kupoiek gutxienez hiru establezimendutako zigiluak izan beharko dituzte. Zigiluak tabernariek ipini beharko dituzte erdi aroko pintxoa eskatzen den aldiro. Parte hartzeagatik, gainera, zozketa batean sartuko dira herritarrak. Zortedunak 50 euroko pintxo eta edarien dastaketa eskuratuko du herritarren saria jaso duen establezimenduan bertan.
Lehiaketa honek badu berezitasun bat, eta da soilik erdi aroan iberiar penintsulan aurki zitezkeen osagaiekin elaboratu behar dituztela. Hori horrela, sukaldariek osagai guztiak prest dituzte, bihar, lehiaketaren lehen egunari ekiteko. Pintxo onenaren titulua eskuratzen duenak Sigüenzan (Gaztela-Mantxa) egingo den XVI. Pintxo eta Tapen Nazioarteko lehiaketan parte hartuko du.
Epaimahaiaren sariari dagokionez, urtero urtero epaimahaikideak aldatuz joaten dira. Aurten, Naiara Arizmendi (Zabala jatetxea), Xabier Izagirre (Arraunlari Berri) eta Leire Etxaide (Lehen sektoreko ordezkaria) izango dira ardura hori izango dutenak.
Udalak Erdi Aroko Hirien Sarearekin elkarlanean antolatutako lehiaketa da.
Sare sozialak
Udaletik Instagram sare sozialean dastaturiko pintxoen argazkiak elkarbanatzera gonbidatu dituzte herritarrak. Argazkia igotzerakoan @hondarribiko_udala eta establezimendua aipatu beharko dira.